Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atwood, Margaret Eleanor

Kanadar poeta eta eleberrigilea (Ottawa, Ontario, 1939). Gaztetatik hasi zen idazten eta 19 urte zituela hasi zen poemak argitaratzen. Lehen poesia liburua, Double Persephone, 1961ekoa da. Idazten jarraitu zuen unibertsitatean literatura ingelesa irakasten zuen bitartean. The Edible Woman (1969, Jateko moduko emakumea) nobelak egin zuen nazioartean ezaguna. Gero Lady Oracle (1976), Life Before Man (1979, Bizitza gizonaren aurretik), The Robbed Bride (1993, Andregai lapurtua) idatzi zituen. Bere lan batzuk feministatzat jo izan dira, baina Atwoodek dio feministen mugimenduak zabaldu baino lehen erabili zituela berak emakumeen heldutasunaren arazoak eta sexuen arteko paper aldaketa. Oso kritika ona izan zuten Power Politics (1971, Boterearen politika) eta You are Happy (1974, Zoriontsua zara) poema liburuek ere. 1991n bere kontakizunen bilduma bat argitaratu zen, Wilderness Tips (Basakeria aholkuak). 1982an Welsh Arts Council’s-en nazioarteko saria jaso zuen bere lan osoarengatik.