Atenea
(Gr. Athenaia) Mit. Jainkosa grekoa, Palas ere deitua eta erromatarren artean Minerva izenez ezaguna. Zeus eta Metisen alaba. Ama Lurraren orakulu batek iragarria zuenez, Metis neska batez erdituko zen, baina bigarren haurdunaldia izatera, hartatik sorturiko mutilak Zeus aita hil beharko zuen, Zeusek bere aita Kronos eta honek Urano hilik zituzten bezala. Hargatik Zeusek Metis irentsi zuen. Garaia iritsirik, Zeusen burutik jaio zen, guztiz armaturik eta oihu ikaragarria eginez. Jainkosa gerraria, aitari lagundu zion erraldoiak garaitzen. Aldi berean, alabaina, arrazoiaren jainkosa da, jainko eta gizakien aholkularia delarik. Atenasi bere izena eman dio, horren eta beste zenbait hiriren babeslea baita. Lantza eskuan eta kaskoa buruan dituela irudikaturik ageri ohi da. Halaber, Atenasi eman dion dohainik preziatuena olibondoa da, hiriko aberastasunaren eta bakearen sinboloa, hain zuzen. Heroien babeslea izaki, Heraklesi lanak egiten eta Pertseori Medusa hiltzen lagundu zien. Haren aldean Afrodita hobetsi zuen Parisen auziaren ondoren, Greziako heroiei eman zien babesa Troiako Gerran. Adimenaren jainkosa da, literatura eta arteen babeslea, hirien aurrerapenaren begiralea; jakintzak eta industria hartzen ditu bere gerizapean. Atenasen, Panatenar edo Panatinaikos jokoak ospatu ohi ziren urtero eta haren tenplu nagusia Partenon izenekoa zen, bertan Atenea Partenos, «jainkosa birjina», izenaren pean ohoratzen zutelarik. Ateneari beste izen asko ere eman zaizkio: Promako («Lehen lerroko borrokalaria»), Nike («Garaipena»), Ergane («Langilea»), etab. Atenea zibilizazio grekoaren sinbolotzat hartua izan da. v Astr. 881. asteroidea, Wolfek 1917an aurkitua.