Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

astrofisika

iz. Astr. Argizagiak fisikako legeetan oinarri hartuta aztertzen dituen zientzia. Gaur egun sortu berria da oraindik zientzia autonomo bezala, baina aspaldi eman ziren astrofisikari loturiko lehen pausoak. Koperniko eta Galileo zientzialarien garaian lortu ziren gai horretan lehen aurkikuntza nagusiak. Aurrez behaketak egin eta datuak bildu ziren eta ondoren teoriak eman, Kleperrek planeten higidurari buruz emandako legeak adibidez. Newton izan zen fisikako legeak astronomian baliatu zituen lehenetakoa, Kleper-en teoriatik abiatuta horren oinarrian grabitazioaren dinamika zegoela baieztatuz. XVII. eta XVIII. mendeetan aurreramendu handia izan zen teknikari dagokionez. Horren ondorioz ezagutu ahal izan ziren eguzki sistemako planetak eta sateliteak. XIX. mendean irudi objektiboa erabiltzen hasi ziren, eta gero fotoelektrizitatea, horiek izan direlarik aurrerapen nagusiak. Teleskopio erraldoiak eraiki ziren, Wilson Mendikoa eta Palomar Mendikoa adibidez. Lallemand zientzialariak teleskopio elektronikoa asmatu zuen; horri esker, teleskopio arrunten indarra ehun aldiz handiagoa da. Teknikari dagokionez berrikuntzak agertu dira eta agertzen ari dira etengabe; erradioastronomia, izpi ultramoreak… Izarren higidura, masa, neurria eta elkarrekiko distantzia astronomiaren aurrerapenei esker ezagutu dira, gure galaxiaren egitura zehaztu egin da, astroen arteko gaiak zein eginkizun betetzen duen jakin da, izarren artean taldeak bereizi dira, elkarrekiko distantzia eta bakoitzaren higidura neurtu ahal izan da. Hori guztia, ordea, ez da nahikoa; ikuspegia zurruna da, ez aldakorra. Gaur egun grabitazioaren teoriaz gainera, erlatibitatearen teoria ere erabiltzen da. Horrela ideien garapenaren ildotik esperientzia berriak bultzatzen dira eta etengabe aldatuz doan zerbait bilakatu da unibertsoa azken mendean.