ASEAN (Association of Southeast Asian Nations
Eusk., Asia Hego-ekialdeko Herrialdeen Elkartea). 1967. urteko abuztuaren 8an sortutako Asiako hego-ekialdeko nazioarteko elkartea. Indonesia, Malaysia, Filipinak, Singapur eta Thailandiako gobernuek eratu zuten, herrialde kideen arteko elkarlanaren bidez ekonomia hazkundea eta gizarte zein kultura garapena sustatzeko helburuaz. 1984. urtean Brunei, eta 1995. urtean Vietnam sartu ziren elkartean. ASEAN erakundea Association of South East Asia (ASA) izeneko elkartearen oinordekoa da. Sortu eta hasierako urteetan elkarte kideen arteko lotura ez zen oso estua. 1970. urtearen hamarkadaren erdi aldera, ordea, zenbait kidek bizi zuten ekonomia hazkunde aldi oparoa eta Vietnam-eko gerra amaitu berriak Asiako hego-ekialdera ekarri zuen indar egoera berria zela medio, kohesio berria hartu zuen elkarteak. Gerra hotzaren amaierarekin batera elkarteko kideek eskualdean zuten indarra areagotu zen, eta politika berriekin batera, elkartekideen eragina eta ekonomia hazkundea asko indartu ziren. Hala, 1990eko hamarkada osoan zehar ASEAN elkartearen eragina berebizikoa izan zen eskualdeko merkataritza zein politika erabakietarako. 1992. urtean elkartekideek merkataritza askerako eremua sortu zuten beren ekonomien artean. Urrats berriak herrialdeen arteko elkar trukea areagotzea zuen helburua, eta merkataritzari eta inbertsioei oztopoak kendu zitzaizkien horretarako. Egun erakundeak lanean dihardu 2003. urterako erabateko merkatu bateratu bat sortzeko, horretarako herrialde kideen arteko muga-zergen beherapenak ezarriz, eta oro har, eremu horretako ekonomia hazkundea sustatuz.
- ASCII (American Standard Code for Information Interchange)
- Asdrubal
- ase 1, asetzen, aseko
- ase 2
- asealdi
- ASEAN (Association of Southeast Asian Nations
- asearazi, asearaz, asearazten
- asebete 1, asebetetzen, asebeteko
- asebete 2
- asebetetze
- aseezin