Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Asdrubal

Kartagoko zenbait jeneralen izena.  v  Asdrubal (K.a. 270 inguruan - Espainia, 221). Amilkar Barkaren suhia eta Hanibalen koinatua. Amilkar Barkarekin batean borrokatu zen Iberiar Penintsulako hegoalde eta sortaldeaz jabetzeko guduetan. Aitaginarreba hiltzean, haren ondorengotzat hautatu zuten (K.a. 228). Armada berrantolatu zuen, bertako mertzenarioak sartuz, eta Kartago Nova (Cartagena) eratu zuen, bere lurraldeetako hiriburua bertan ezarriz. K.a. 226an kartagotarren lurren muga Ebron finkatu zuen ituna izenpetu zuen Erromarekin. Esklabo zelta batek hil zuen.  v  Asdrubal Barka (K.a. 245 inguruan - Metauro ondoan, 207). Hanibalen anaia, honek Erromaren aurkako ibilaldiari ekin ziola (K.a. 218), Espainiako kartagotarren armada buru geratu zen Asdrubal. Erromatarrei zenbait gudutan nagusitu ondoren, Eszipion Afrikarrak garaitu zuen (K.a. 215). Ondoko urtean Afrikara joan zen numidiarren altxamendua azpiratzearren. Penintsulara itzulirik, Andaluziaraino iritsitako erromatarrei eraso zien berriro, Ebroraino gibeleratu zituelarik. Erromako armadak Cartago Nova hartu zuen, ordea, eta Baeculan (Bailen) nagusitu zitzaizkion Asdrubali. Alpeak zeharkatuz, Italiara iritsi zen Hanibali laguntzeko asmoz, baina Klaudio Neron kontsula garaitu zitzaion, eta hil egin zuen Metauro ondoan (K.a. 207).  v  Asdrubal (K.a. II. mendea). Masinisa numidak garaitu zuelarik (K.a. 153), Kartagoko senatuak hiltzera kondenatu zuen. Zigorra ez zen bete berak bildua zuen gudarostearen laguntzari esker. Kartagoren defentsaren ardura eman zioten hirugarren gerra puniarrean (K.a. 149). Setioan eginkizun hori gogor bete ondoren, erromatarren eskuetara igaro zen ezkutuan.