arte 5
iz. Ertia, edertia. Arte kontzeptuak hainbat jarduera hartzen ditu eta jarduera horiek nolabait bereizteko hainbat multzo desberdinak egin ohi dira: arte operatiboak, arte sortzaileak, arte ederrak,… Dena dela zaila da oso arte bezala hartzen diren jarduera k zehatz sailkatzea. Historian zehar hainbat filosofo eta artista aritu izan da horretan, baina ez da artea bera zer den definitzerik lortu eta are gutxiago, arteen sailkapenik egiterik. Horrela, XIX. mendea arte, aurkikuntza eta higikunde handien mendea arte ez zen eman egun arte kontzeptuaz ulertzen denaren definizioa nahiz eta ordurako emanak ziren artearen hainbat teoria. Kristo aurreko garaietan, eta Itun Zaharrari jarraituz, ez zen arteaz azalpen teorikorik eman, baina greziarren garaian esan daiteke eman zela artearen lehenengo teoria, Hesiodoren Teogonia lanean (K.a. VIII-VII m.). Hesiodoren teorian, Musak dakarten egia inspiratzailea aipatzen da; poesia, dantza eta musika, beraz, egiaren eta pozaren iturri lirateke, gaitzak ahaztu eta grinak aldentzeko bidea. Iliadaren hemezortzigarren liburuko (K.a. IX. mende inguruan) Akilesen ezkutuaren deskribapenean azaltzen da arte plastikoen lehen teoria bezala har daitekeena; metamorfosia eta mimesia aipatzen ziren hartan, eta horiek izan ziren ondorengo mendeetan ere Greziako artistek kontutan hartutako oinarriak. Horietatik abiatuta sortu zen artearen ikuspegi fantastikoa, irudimenezkoa.
Jenofanek irudimenezko jarduera bezala definitu zituen poesia, pintura eta eskultura.
Platonek ere imitazioa lotu zion arteari. Honen ustez, imitazio dira artelanak, eta imitazioa da artelanak sortzeko jarduera ere, artelanek imitatzen duten munduaren egilearen jarduna imitatzen baitute artistek. Aristotelesentzat, artea ez da errealitatearen isla, izan litekeenarena baizik, errealitateaz haraindiko zerbaitena, arimarena. Ikuspegi horretatik definitu zituen pintura, musika, eta poesia.
Erromako tradizioan, apainketarako jarduera zen artea baina kristautasunean eta Erdi Aroan gainditu egin zen ikuspegi hori eta Plotinoren teoria jarraitu zuten, artea edertasunez azaltzen den arimaren imitazio gisa hartzen duena alegia. Erdi Aroan, artista batek artelana eskuz (pintura, eskultura, buztingintza eta arkitektura ere bai hein batean) egiteko, artelan hori agintzen zionak arte liberalak (zientziak) kontutan hartzen zituela aldarrikatu zuten.
Aro haren amaiera aldera, ordea, kontzeptu berriak agertu ziren, ordura artekoekin bat ez zetozenak. Arte figuratiboak azaldu ziren, arte liberalen maila hartu zutenak. Alegoria baztertu egin zuten eta sinbolismoa hartu zuten oinarritzat, artelanaren esanahia lanean bertan dela eta hori besterik esan nahi ez duela aldarrikatzen duena alegia.
Antzeko ikuspegia nagusitu zen Errenazimentuan ere. Garai hartako artea bi euskarrietan bermatu zen: platoniko-intelektualistan batetik, eta aristoteliko-sentsualistan bestetik. Lehenengoaren arabera, artelanaren esanahia, artelanak berak sinbolikoki adierazten duena da, eta bestearen arabera aldiz, errealitatea esperientziaren bidez ezagutzen du artelanak, errealitatearen imitazioa baita. Azken teoria hori Paduako pinturan islatu zen bereziki, eta Platonena Quatrocentoko Florentziako pinturan.
Cinquecentoan, Leonardo da Vinci izan zen artea munduaren imitazioz eta behaketaz lortzen den ezagutzarako bide bezala ulertzen duen teoriaren ordezkari nagusia. Teoria hori indarrez agertzeaz gainera, eztabaida handiak izan ziren arteen loturari buruzkoak, arteen sailkapenari buruzkoak, artearen teoriari buruzkoak, etab. Kontutan hartu ziren Aristotelesen teoria, eta bereziki Platonen araberako ideiaren imitazioaren teoria.
XVII. mendean, artea ideiaren ezagupena bezala hartzen duen ikuspegia nagusitu zen, Baltasar Graciánek bere lanetan azaldu zuena. Emmanuel Tesauroren ikuspegia, metafora oro irudia dela eta alderantziz, irudia metafora dela esaten zuena ere aintzat hartu zen. Bi teoria horiek eta urte batzuk lehenago Peregrinik emandako teoriek bazuten zerikusirik, artea ez baitzuten hartzen errealitatearen imitazio gisa, errealitate berri gisa baizik. Horixe izan zen literatura eta pintura barrokoaren oinarria.
Klasizismoan ere teoria platonikoaren alderdi hori agertu zen. Bi higikunde horiek izan ziren arte gertakarien gertaleku XVIII. mendearen erdialderarte.
XVII. mendea kulturaren sistematizatze handien garaia izan zen; Dideroten eta D’Alemberten Encyclopedie daude horien artean. Lan eskerga horren lehenengo argitalpenean gizonak bere beharrak asetzeko, atseginerako, erosotasunerako, etab. egiten duen ekoizpen jarduera gisa definitu zuten artea. Definizio horrez gain, Marmontelek emandako arte liberalen eta arte ederren (elokuentzia, poesia, musika, pintura, eskultura, arkitektura, eta grabatua, marrazkia den aldetik) bereizketa agertu zen. Bigarren argitalpenean, arte ederrak, arte mekanikoak asmaturiko objektuak edertzearen artea, erabilgarri dena edertzearen artea bezala definitu ziren.
XIX. mendearen hasieran ezagutza jarduera bezala ikusi zuten artea erromantizismoaren jarraitzaileek, ezagupenerako bide bezala eta ez ekoizpen soilerako jarduera bezala. Artea, ezagupenaren jarduera gorena da, eta hedaduraz, magia. Artea magia gisa, hori da Novalisek aldarrikatu zuena. Schellingek bere aldetik, filosofiaren goi mailako organo bezala eman zuen artea nahiz eta gero artea eta filosofia parekatu zituen. Parekotasun hori, Hegelek baztertu eta filosofia baino beherago eraman zuen. Rimbaudek eta Frantziako sinbolismoaren beste hainbat olerkarik magia bezala ikusi zuten artea, arrazoiaren mende ez zegoen eta alde horretatik jarduera askatzailea zen zerbait bezala. Mende hartan bertan, naturalistena izan zen artea ezagupen bezala aldarrikatu zuen higikundea. Bigarren erdialdean, artea edertasunaren sortzaile eta edertasunerako hezitzaile gisa aldarrikatu zuen Ingalaterrako estetizismoak, gizonaren teknologiarekiko mendekotasunaren eta ekonomia liberalaren askabide gisa. Ingalaterran sortua, hedatu egin zen ikuspegi hori eta hainbat artista izan zituen jarraitzaile, batzuk pedagogiaren aldetik, politikaren bidetik besteak etab. abiatu zirelarik horren barruan.
XX. mendearen lehen aldian, artea ezagupenerako bide bezala hartu baina ez zuten ezagupen logikoarekin eta intelektualarekin konparatu, aparteko zerbait bezala ulertu zen. Teoria honek Bergsonen filosofia du oinarri, eta eragin handia izan zuen XX. mendearen lehen erdialdean Frantzian izandako arte eta literatura higikundean. Bigarren Mundu Gerra inguruan, Freud eta Jungen inkontzienteari buruzko teoria psikologikoak landu ziren artearen teoriari buruzko eztabaidetan. Aurretik, ordea, ezagupenerako bidea aldarrikatzen zuen higikundeak soziologiaren ildora hedatu ziren, marxismoaren ikuspegitik errealitate soziala ezagutzeko bide bezala ikusten zelarik artea. Bertol Brechtentzat, gizartea aldatzeko ekintzen hastapena zen artea. Adornok ere soziologiaren inguruko teoria aldarrikatu zuen. Adornoren teoria izan da azken hogei urteotan Europako kulturan nagusitu direnen arteko bat eta Sartre izan du jarraitzale sutsuenetakoa. Bi Mundu Gerren artean, bestalde, arteen sailkapena eman zuen Alain filosofoak: “arts de sociéte” batetik (dantza, zeremoniakoa, jaiak, musika, poesia eta elokuentzia), eta “arts solitaires” (marrazkigintza, eskultura, buztingintza, zurgintza, eta arkitektura pribatua), arkitektura publikoa bi atal horien arteko zerbait delarik eta prosa eta liburugintzaren arte grafikoa bigarren multzoan dagoelarik. Horrez gain, beste sailkapen batzuk ere egin zituen Alainek, arte estatikoen eta higiduraren arteena esaterako. John Deweyk-entzat, aurrekoentzat ez bezala, artea egiteko era bat da, egiteko jarduera eta objektua hartzen dituena eta artelana burutzen gizakia laguntzaile duena bezala definitu zuen, ez egite bat bezala. Duela urte gutxi arteen aniztasuna funtzio anitzen sinbolizatzaile gisa azaltzen duen teoria eman zuen Langerrek. Teoria horrek ez du onartzen arteak ezagutza jarduera rekin zerikusirik ez duenik, eta bere kultura garrantzia ezezten du. Positibismo logikoak eta estrukturalismoak, semiologiak, etab., artea zeinu sistema bat bezala ikusten duten teoriek, garrantzi handia hartu dute azken urteotan. Dena dela, artearen teorian dihardutenen lanik garrantzitsuenetakoa artearen funtzio eta norabideari buruzko gogoeta egitea da, teknika hain aurreratua izanik, gizona antzina bere askapenerako bide uste zuen teknikaren mende geratzearen arriskua gainean baita.