Arregi Aranburu, Joseba
Gipuzkoar politikari eta idazlea (Andoain, 1946). Teologian eta soziologian doktore. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritzako buru izan zen eta bi alditan Kultura Sailburu (1984-85 eta 1987-95), baita Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ere. EAJren Gipuzkoako Buru Batzarreko buru eta EBBko kide izana da. 1987an hautatu zuten lehenengoz Euskal Legebiltzarreko kide eta legealdi hartan kargua hartu eta hilabete batzuetara utzi bazuen ere, 1990etik gaur arte ez dio inoiz utzi legebiltzarkide izateari. Jarduera politikoa irakaskuntzarekin eta jarduera intelektualarekin bateratu du. Euskal Herriko hainbat komunikabidetan ohiko zutabegile eta solaskide izateaz gainera, Euskal Herriari buruzko liburuak ere idatzi ditu, besteak beste La Euskadi invertebrada. 2000. urtean, Diego López Garridorekin batera, Ser nacionalista argitaratu zuen. Euzko Alderdi Jeltzalearen irizpide ofizialekin oso kritiko agertu da azken urteotan.