Arrati Nerbioi
Bizkaia osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Arakaldo, Arantzazu, Areatza, Arrankudiaga, Artea, Dima, Igorre, Urduña, Orozko, Otxandio, Ubide, Ugao-Miraballes, Zeanuri eta Zeberio. Eskualde honek 400 km2ko azalera du 1998ko datuen arabera (Bizkaiaren % 18), eta 21.083 biztanle zituen guztira 1997an (Bizkaiaren % 1,85). Ugao-Miraballes da eskualdeko udalerririk jendetsuena (4.093 biztanle 1996an), baina azalera handiena Orozkok du, alde handiz gainera. Arakaldo, Ubide eta Arantzazu bezalako udalerri txikiak kenduta, nahiko orekatuta dago biztanleria gainerakoen artean. Alor ekonomikoan, 1996an 2.590.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzeailea 100 eta Bizkaikoa 93 izanik, 113an zegoen Arrati Nerbioi, nahiz eta alde nabarmenak egon udalerrien artean. Industriak osatzen zuen eskualdeko balio erantsiaren zatirik handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 52, Bizkaiko batez bestekoaren gainetik ia 20 puntuz. Kopuru hori % 65etik igotzen zen, esaterako, Arakaldon, Arantzazun edo Igorren (azken honetan % 75). Zerbitzuek eman zuten urte horretan eskualdean sortu zen balio erantsiaren % 36,9, Bizkaiko batez bestekoaren azpitik, nahiz eta horren gainekoa izan eskualdeko udalerri gehienetan. Lehen sektoreak egitura ekonomikoan duen presentzia ere Bizkaiko batez bestekoaren gainekoa da askogatik, eta herri batzuetan, Diman, esaterako, balio erantsiaren % 21 hortik zetorren. Hizkuntzari dagokionez, euskara da nabarmen nagusi Arrati Nerbioi eskualdean. 1996ko datuen arabera, 11.738 euskaldun, 2.918 ia euskaldun eta 6.134 erdaldun bizi ziren bertan. Erdaldunen kopurua argitzeko, esan beharra dago udalerri gehienetan euskaldunak gehiago direla erdaldunak baino, baina bi herri nahiko jendetsutan, Urduñan eta Ugao-Miraballesen, erdaldunek dute gehiengoa.