Arp, Hans
Eskultore eta margolari frantsesa (Estrasburgo, 1887 - Locarno, 1966). Weimar eta Parisen ikasten aritu ondoan dada higikundea sortu zuen T. Tzara eta beste zenbaitekin batera. Gero surrealismoaren kide izan zen (1926-1930). Abstrakzio biomorfikoa, hots, forma biologiko oinarrizkoak inspirazio iturritzat hartzen duen joera artistikoa abiarazi zuen. Hainbat sari jaso zituen: Sao Pauloko Biurtekoa (1952), Veneziakoa (1954), Paduakoa (1957), etab. Garaiko artista ezagunenekin izan zituen harremanak: Kandinsky, Braque, Picasso, Ernst, etab. 1950ean erliebeak zizelatu zituen Harvard-eko unibertsitatean, eta 1953an estatua erraldoiak Caracaskoan. Formes terrestres (1917); Torses saila (1930-1931); Concrétions humaines (1933-1935); Constellations; Interregnum (1949) izenekoak dira Arpen zenbait lan. Olerkaria ere izan zen, askatasun handikoa.