Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arman

(Jaiotza izena, Arman Fernandez). Artista frantsesa (Niza, 1928). Errealismo berriaren sortzaileetako bat. Nizako Dekorazio Arteen Eskola Nazionalean ikasi zuen. 1947an Yves Klein eta Claude Pascal ezagutu zituen Nizako judo eskola batean. Antzeko afizioak zituzten: budismo zen-a, Rosacruz-ak, Gurdieff eta astrologia. 1949an arkeologia eta ekialdeko artea ikasi zituen Louvreko Eskolan. 1953an pintura abstraktuaz interesatzen hasi zen eta zenbait ekintza eta happening-etan parte hartu zuen Yves Klein-ekin batera. 1954an Schwitters-en eta Pollock-en lanak ezagutu zituen, eta eragin sakona izan zuten beragan. 1960an Klein-ekin eta Restany-rekin batera “Errealista Berriak” izeneko taldea osatu zuen. Forma eta konbinaketa guztietan pilatutako eguneroko objektuak, eta moztutako kontrabaxuekin egindako eskulturak dira bere lanaren osagai nagusiak. 1970ean estudio bat alokatu zuen New York-eko Sohon, eta Europa eta Amerika artean bizi izan zen. 1980ko hamarraldian bidaia eta erakusketa ugari egin zituen. 1984an Frantziako Iraultzaren bigarren mendeurrena gogoratzeko eskultura bat egin zezan agindu zioten, eta brontzezko eta marmolezko metaketa bat egin zuen Eliseoko Jauregirako.