Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Armada Garaitezina

(Esp. Armada Invencible) 1588. urtean Filipe II.a Espainiako erregeak Ingalaterraren aurka armatu zuen itsas bidaldiari eman zioten izena. Maria Stewart erreginaren hilketa zigortu eta katolizismoa berrezarri nahi zuen bidaldi honek, itsas armaden historian izan den porrotik handienetakoa jasan zuen: itsasoratu ziren 130 ontzietatik 63 baizik ez ziren itzuli. Medina-Sidonia dukearen gaitasun ezak, ekaitzek eta itsasgizon ingelesen eraso bortitzek (Drake, Hawkins, Frobisher, Raleigh) armada espainiarraren hondoratzea ekarri zuten: Espainiaren itsas nagusigoaren amaieraren hasiera izan zen. Espainiarren arteko marinel trebatuenak izaki, euskaldun askok galdu zuen bizia, eta itsas merkataritzan euskaldunek (bizkaitarrek eta gipuzkoarrek) zuten indarraren gainbehera hasi zen bidaldi hartan.