arkitektura
iz. Eraikuntzak egiteko artea, etxegintza. v Gizonak bere lehen etxebizitzak eraiki zituenean sortu zen, eta atal desberdinak ditu eraikuntza bakoitzaren erabilpenaren arabera: arkitektura zibila, eraikin eta monumentu publiko edo pribatuak eraikitzeko artea; arkitektura militarra, harresi eta gotorlekuak egiteko artea; arkitektura hidraulikoa, ura garraiatu eta erabiltzeko edo horren azpian eraikitzeko artea; ontzi arkitektura, ontziak egiteko artea; eta arkitektura erlijiozkoa, tenplu, monasterio, hilobi eta bestelako erlijiozko eraikinak eraikitzeko artea. Hainbat estilo bereizi izan diraarte horretan historian: Egipto eta Mesopotamiako eraikuntzak handiak eta sendoak dira. Piramideak, mastabak eta zigurat izeneko eraikuntza motak izan ziren ohargarrienak garai hartan; Grezian neurri txikiagoko eraikuntzak altxatu ziren. Harmonia bilatzen zuten bai eraikin bateko atalen artean eta bai eraikuntza moten artean. Gainerako arteetan bezala honetan ere logika erabili zuten eta garrantzi handia eman zioten eraikuntza bakoitzaren erabilpenari. Jauregia izan zen eraikuntza mota nagusia eta ubideak, estolderia, etab. asmatu zituzten hartarako; Erromatarren garaian eraikuntza handiak egin ziren, baina ordura arteko joerak bateratuz erabilpena ere kontutan hartu zuten eta hainbat behar desberdin betetzeko eraikuntza mota asko altxatu zuten (termak, anfiteatroak, ubideak, etxeak, jauregiak,…). Oso garrantzitsuak dira eraikuntza publikoak eta administraziorakoak; Erdi Aroan, eraikuntza erromanikoa azaldu zen; erlijiozko erabilera zuten eraikuntza sendoak dira horren ezaugarri. Haren lekua estilo gotikoak hartu zuen gero, haren ezaugarria zen astuntasuna arinduz, eta eraikuntzan argiari leku handia emanez. Eraikuntza estilo berezia da arabeek hedatu zutena ere, apaindura aberatsez hornitutako mezkita eta jauregi ederretan islatu zutena batez ere; Errenazimentu garaian efektuari eman zitzaion garrantzia, ikuspuntua landu baitzuten batez ere; Barroko estiloan, sentimenduen isla zen arkitekturaren xedea. Argiaren eta kolorearen trataera berezia azaltzen da orduko eraikuntzetan; ondoren garai klasikoko, erromanikoko eta gotikoko ezaugarriak nagusitu ziren berriro; aurrerago, XIX. mendearen bukaeran estilo modernista agertu zen. Burdina da estilo horretako eraikuntzan ekai nagusia; XX. mendearen hasieran, arrazionalismoaren garaian teknologiazko aurrerapenak hartu ziren kontutan batez ere, eta funtzioaren aldetik baliagarriak izango ziren eraikuntzak altxatu ziren; Bigarren Mundu Gerraren ondoren arrazionalismoaren eta horri kontrajartzen zaizkion zenbait estiloren arteko borroka piztu zen. Gaur egun teknologia eta erabilpena da arkitekturan gehien lantzen diren alderdiak. ■ Inf. Informatikan, sistema informatikoaren edo haren atal baten egitura izendatzeko erabiltzen den izen orokorra. Ordenagailuen arkitekturak tresnak funtzionala izateko behar dituen egitura eta xehetasun guztiak hartzen ditu bere baitan: sistema informatikoa, mikroprozesatzaileak, sistemaren zirkuituak eta programak. ■ Diseinuan kontuan hartu beharreko osagaiak. Sistema informatikoaren diseinuan edo arkitekturan hardwarea osatzen duten bost osagai nagusi hauek hartu behar dira kontuan: unitate aritmetiko-logikoa, kontrol unitatea, memoria, sarrera eta irteera. Lehenengo unitateak eragiketa aritmetikoak egiten eta zenbakizko balioak alderatzen ditu. Kontrol banakoak, berriz, konputagailuaren funtzionamendua kontrolatzen du; erabiltzailearen aginduak ordenagailuaren zirkuituek ulertzeko moduko seinale elektriko bihurtzen ditu. Bi unitate horiek prozesatze unitate zentrala edo CPU osatzen dute. Memorian aginduak eta datuak biltzen dira. Eta sarrera-irteerek, berriz, konputagailuak datuak jasotzea eta igortzea ahalbidetzen dute. Horiek dira, hortaz, diseinuan edo hardwarearen arkitekturan kontuan hartu beharreko osagarriak, hardware bakoitza sistema eta erabiltzaileari egokitu ahal izateko. ■ Prozesatze arkitektura. Gaur egun gero eta agindu konplexuagoen arabera dihardute konputagailuek. Jarraibide konplexuek bizkortasuna ematen diote eragiketari, eta horrela, eragiketa asko agindu bakar batean biltzen dituzte ordenagailu batzuek, CISC deritzenek. Programetan aginduak sinpleagoak dira, eta CISC arkitekturan, era horretako diseinuetan agindu konplexu zein sinpleen kodea asmatzen denbora gehiago behar denez, programen aginduak betetzeko prozesua moteldu egiten da; horrenbestez, arkitektura horren ordez RSIC arkitektura erabiltzen da gehiago kasu horietan, hau da, agindu sinpleen multzoak erabiltzen dituzten diseinuak egiten dira, eragiketa erabilienak bizkorrago egin ditzan tresnak eta errendimendua hobea izan dadin. ■ Arkitektura irekiak eta itxiak. CPU unitatea memoriarekin eta kanpoko osagaiekin lotzeko arkitektura irekia edo itxia erabil daiteke. Arkitektura irekia dutela esaten da, beren xehetasunak argitaratuta dituzten konputagailu edo sistema periferikoez. Horrela, arkitektura ireki honek aukera eskaintzen du sistema eraiki ondoren sistema hori osatzeko edo pertsonalizatzeko, zirkuitu gehigarriak erantsiz esaterako (adibidez, sistema nagusiari mikroprozesatzaile bat erantsiz). Eta aukera eskaintzen du, orobat, konputagailu edo gailu horrentzako beste hardware batzuk sortzeko. Arkitektura itxia, berriz, xehetasunak argitara ematen ez dituena da, eta beste osagarririk behar edo onartuko ez duten konputagailuetan erabiltzen da; era honetakoak dira, adibidez, mikrouhinetako prozesatzaileak. Ordenagailu ekoizleek arkitektura itxiak erabili izan dituzte, askotan, xehetasunen gaineko jabegoa eskuratuz, beren bezeroek beste inoren bidez eskuratzerik izan ez dezaten zirkuitu osagarririk, beraiek bakarrik egin ahal izan ditzaten beren konputagailuetarako tresna osagarriak. Kasu horretan, ekoizleak irabazi handiagoak ditu, baina kontsumitzailea mugatuago dago. ■ Sareko arkitektura. Konputagailuak elkarrekin lanean jarduteko antolatzen den arkitektura. Bi konputagailuren arteko lotura egiteko zuzeneko lotura da biderik errazena, baina gaur egun tresna asko elkarri lotzen dizkioten sare handiak antolatu ohi dira. Sare horiei esker datuak trukatu, komunikatu, baliabideak konpartitu etab. egin ditzakete erabiltzaileek.