Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arkimedes

Greziar jakintsua (Sirakusa, K.a. 287 - Sirakusa, 212). Gaztea zelarik Alexandriara joan zen Euklidesen irakaspenak jasotzera. Zientzia lan eskerga egin zuen. Lehenik, π zenbakia lortzeko metodo bat asmatu zuen. Greziaren zenbaki sistema hobetu zuen eta geometria infinitesimalari buruzko lehen lanak egin zituen. Geometria eta espazioa aztergai zuten liburuak idatzi zituen. Mekanikaren alorrean pieza askoren asmatzailetzat daukate: torloju amaigabea, polea higikorra, gurpil horztunak, etab. Halaber, Arkimedesi zor zaio palankaren legea, «bermapuntu bat mundua mugitzeko» eskatu zuelarik. Fisikari dagokionez, Planoen orekaren gainean eta Igeri dauden gorputzen tratatua liburuak direla eta, gorputz trinkoen estatikaren eta hidrostatikaren sortzailetzat har daiteke.  v  Arkimedesek Sirakusaren defentsa gidatu zuen Erromak hiriari eraso zionean. Hiru urtez eutsi zien erromatarrei, gerra makinak asmatuz, hala nola, harri-jaurtikigailuak eta, diotenez, setiatzaileen ontziteria sutan utzi zuen ispilu sistema. Azkenean erromatarrak hirian sartu ziren eta Arkimedes hil egin zuten.  v  Ezaguna da nola aurkitu zuen bere izena daraman hatsapena: Hieron Sirakusako erregeak jakin nahi izan zuen bere koroa guztiz urrezkoa ote zen ala zilarrez nahasia; Arkimedesi jakinarazi zion bere nahia, koroaren gaiak aurkitzeko koroa hautsi behar ez zuelarik. Jakintsua, bainatzen ari zela, gorputz atalak uretan sarturik pisu gutxiago zutela ohartu zen. Aurkikundearen beroan, kalera jo zuen, bilutsik, «Eureka! Eureka!» (Aurkitu dut!) oihukatzen zuelarik.  v  Arkimedesen printzipioa. Honela definitzen da: isurkari batean murgildutako edozein gorputzek behetik gorako bultzada jasaten du. Gorputz horrek kanporatutako isurkariari dagokion pisuaren adinakoa da bultzada hori.  v  Arkimedesen torlojua. Ura igotzeko tresna; helize itxurako irtenunea duen hodi biratzailea.