Ariztimuño Olaso, Jose
(«Aitzol» deitua) Euskal apaiz abertzale euskaltzalea (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936). Nekerik ezagutu ez zuen gizona, eratzaile aparta, ehunka artikulu idatzi zituen aldizkari eta egunkarietan. 1930. urtean Donostian sortu zen «El Día» egunkarian berebiziko garrantzia izan zuen Aitzolek egunkari hori erabat abertzaletasun aldera lerratzen. Ideologia sendoko pertsona eta ideia barreiatzaile paregabea, Eusko Langileen Alkartasuna (Solidaridad de Trabajadores Vascos) sindikatu katoliko eta abertzalea bultzatu zuen etengabe, gainerako ekimen abertzaleak bezala, nahiz Errepublika garaiko azken bi urteetan lan teorikoetara mugatu zen nolabait ere. 1935. urtean La democracia en Euzkadi saiakera eman zuen argitara eta gerrak argitaratzea eragotzi zuen beste bi lan prestatu zituen: Ipar Euskal Herriko erakundeei buruzko historia politiko-soziala (hastapena «Euzkadi» egunkarian agertu zen, zenbait zatitan) eta La poesía popular en el renacimiento de los pueblos izeneko lanaren lehen liburukia. Faxisten 1936ko uztailaren 18ko altxamenduko lehen egunetan Donostian gelditu bazen ere, Ipar Euskal Herrira jo zuen Donostia frankisten esku geratu baino lehen eta Belloc-eko abadian egokitu zen. Gerraren aurrean ezkor, altxatuekiko negoziazioaren alde agertu zen nahiz, bereari eutsiz beti, Bilboratzea erabaki zuen. 1936ko urriaren 15ean, Bizkaia aldera zeraman ontzia Pasaia aldean harrapatu zuten frankistek eta Aitzol preso hartu, torturatu eta, azkenean, fusilatu egin zuten Hernaniko hilerriko pareten ondoan. Jardun politiko eta sindikalez gain, kultura arlo asko (historia, folklorea, literatura kritika…) ukitu eta landu zituen Aitzolek. Euskararen aldeko gartsua —euskaraz eta erdaraz idatzi zuen, nahiz lan teoriko gehienak erdaraz osatu—, hizkuntz normalkuntzaren aldeko ekimenak bultzatu zituen, euskararen ofizialtasuna eskatuz. Liburuxka bat idatzi zuen gai honi buruz: La muerte del euskara o los profetas de mal agüero. Jose Ariztimuño, Aitzol, gerra aurreko euskal abertzaletasunak izan zuen ideologorik garrantzitsuenetakoa izan zen.
- Arizmendiarrieta, Jose Maria
- Ariznabarra
- Arizona
- Ariztegi
- Ariztia, Marie
- Ariztimuño Olaso, Jose
- Ariztondo, Josune
- arje
- Arjuna
- arka 1
- arka 2