Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arizona

Ameriketako Estatu Batuetako hego-mendebaldeko estatua, Mexikoko mugan. 295.014 km2, 2.718.215 biztanle (1980). (% 10 indiarrak: nabajoak, apatxeak, hopiak…). Hiriburua: Phoenix. Hiri nagusiak, Tucson, Tempe.  v  Orografia. Kainoi edo arroila handiz (bertan dago Grand Canyon edo Kainoi Handia) betetako Coloradoko ordoki handiak hartzen du estatuaren iparraldea, erliebe bitxiko lurra. Eskualde bolkaniko bat (itzaliak sumendi guztiak) hedatzen da erdialdean, eta hego-mendebaldean basamortu ordoki zabal bat ageri da. Klima idorra edo erdi-idorra.  v  Ekonomia. Nekazaritzak ureztatze artifiziala behar du. Roosevelt eta Coolidge urtegiei esker, kotoi, zitriko eta labore sail handiak zabaldu dira. Garrantzi handikoa da mea aberastasuna (kobrea, zinka eta beruna).  v  Historia. Espainiarrak 1539tik bertan egokituta, Mexikoko lurraldea izan zen (Nuevo Mexico), Estatu Batuen eskuetara igaro zen arte (1848). 1863. urtean lurralde federal bihurtuta, urte askotan eutsi zioten apatxeek Ipar Amerikarren kolonizazio berriari. Apatxeak sakailatuta, azken gerra galdu ondoan (1881-1886), Arizona Estatu Batuen ingurunean sartu eta Ameriketako Estatu Batuetako 48. estatua bihurtu zen 1912. urtean.