Arana Lizuriaga, Aitor
Gipuzkoar idazlea (Legazpi, 1963). Bere jaioterriko Hots kultura aldizkariko lankide eta zenbait urtez arduradun izandakoa. Haur literaturan hainbat lan egina da, eta ipuingintza ere landu du. 1990ean Loaren bidez liburua idatzi zuen eta, ondoren, Afrikaren semea (1991), Urtegi misteriotsua (1994) eta Gaueko ortzadarra (1997). Helduen literaturaren alorrean, besteak beste, Ipuin lizunak (1994) eta Ipuin ilunak (1995) idatzi ditu, eta eleberriei dagokienez, bereak dira Haize gorria (1999), 1999ko BBK-Euskaltzaindia eleberri saria lortu zuen Ipuin entzulea, eta gau giroan kokaturiko Onan (2000). Azken urteotan literatura erotikoan nabarmendu den idazleetakoa da. Esperantoa ikasi eta landu du Aitor Aranak, eta, esperanto-euskara hiztegia egiteaz gainera Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak itzuli zuen 2000. urtean euskaratik esperantora. 3.000 sarrerako hungariera-euskara hiztegia kaleratu zuen 1998an. 2000. urtean Euskaltzaindiaren Txomin Agirre eleberri saria irabazi zuen Historia lazgarria beldurrezko nobelarekin. Azken urteotan lan asko eta askotarikoak argitaratu ditu: Amodioaren gazi-gozoak (2001), Bost ahizpa (2002, Txomin Agirre literatur saria), Lagun mina (2003, Toribio Alzaga antzerki saria) Azken gurasoak (2003, Baporea saria), Nafarroako Ipar-Ekialdeko Euskara, Irunberritik Aezkoaraino (2003), Etruskoak. Ziurtasunaren eta zalantzaren artean (2003), Komiki gay eta lesbikoa Euskal Herrian 1981-2000 (2005), Gay Hiztegia (2005), Aitagurea 11 euskalkitan eta 335 hizkuntzatan (2006), Oscar Wilde euskaraz (2008).