Arana Martija, Jose Antonio
Bizkaitar ikertzaile, euskalari eta euskaltzaina (Gernika, 1931). 1937an, bere jaioterria suntsitu zuen bonbardaketaren ondoren, Frantziara joan zen eta bi urte eman zituen han umetan. 1942tik 1947ra bitartean hainbat apaiztegitan ikasi ondoren, zuzenbide ikasketei ekin zien, Deustuko Unibertsitatean lehenik, eta Valladoliden ondoren, eta 1954an lizentziatu zen. 1957an Ekonomia Zientziak ikasi zituen Deustun, eta 1959an ekin zion enpresaren munduari lotutako ibilbide profesionalari, nahiz eta 1969tik aurrera abokatu bulegoa ere ireki zuen Gernikan. 1966an Gernikako Seber Altube ikastolaren sortzaileetakoa izan zen eta, frankismoaren aurkako borrokan parte hartu izanagatik, bi aldiz espetxeratu zuten, 1968an eta 1971n. Euskal gaien ikertzaile modura jardun du urte luzez eta hainbat artikulu idatzi ditu, Jakin, Argia, Txistulari, Anaitasuna eta Arantzazu aldizkarietan, besteak beste. Euskal musikaren eta musikagileen inguruko lanak egin eta argitaratu ditu, horien artean Elai-Alai (1977), Gabonetako kantak (1981) eta Euskal Musikaren historia (1997). Andra Mari Abesbatzaren sortzailea (1978) eta, hamar urtez, horren zuzendaria ere izan zen. 1987 eta 1990 urteen artean Eusko Ikaskuntzaren Musika Sailaren buru izan zen. Euskaltzaindian 1978. urtean hasi zen lanean, Azkue Bibliotekaren berrantolaketan. Musikari buruzkoekin batera, bibliografia eta ondare dokumentalaren inguruko hainbat lan argitaratu ditu, baita biografiaren arlokoak ere. 1988an hautatu zuten euskaltzain oso, eta Azkue Bilbliotetako batzordearen arduradun izateaz gainera Euskaltzaindiko zuzendaritzako kide da, diruzain lanetan diharduela.