Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Apulia

(It. Puglia) Italiako hego-ekialdean dagoen eskualdea; 19.347 km2, 3.582.000 biztanle. Bost probintziek osatzen dute eskualde hori: Bari, Brindisi, Foggia, Lecce eta Tarento. Gargano mendiaren iparraldetik Leucako Santa Maria itsasadarreraino luzatzen da, Apenino mendien hego-mendebaldea eta Itsaso Adriatikoaren artean.  v  Orografia. Ordokia da, oro har, baina aipatzekoak dira Gargano mendia ipar-ekialdean, Tavoliere ordokia Gargano eta Apeninoen artean, Murge mendixka Tavoliere hegoaldean eta Saletina penintsula, eskualdea hegoaldetik mugatzen duena. Iparraldean daude ibai gehienak, Fortore eta Ofanto ibaiak adibidez, baina ez dira oso handiak. Ur arazoak izaten dira eta hori konpontzeko ubidea eraiki da Liri-tik Apuliara ura eramateko.  v  Klima. Mediterraneoko klima du eta nazioko eskualderik lehorrena da mendietan izan ezik.  v  Ekonomia. Nekazaritza da bertako ekonomiaren oinarria; lurra emankorra da baina izurrite ugari izaten dira, eta horrek kalteak ekartzen dizkio ekonomiari. Olibondoak, mahastiak, laboreak, azukre erremolatxa, fruituak, tabakoa, kotoia, etab. Ezaguna da Bariko ardoa. Bauxita atera da Garganon. Industria gutxi dago, eta nekazaritzako produktuekin zerikusia duen industria da dagoena. Badira petrolio findegi batzuk eta mekanika industria zenbait.  v  Historia. Itsaso Adriatikoak eta Itsaso Jonikoak batzen zituen lurraldea zen Apulia antzina, Fasanoko ekialdetik Tarento iparraldera zihoan eskualdea. Mesapio hizkuntza hitz egiten zuten peucetii eta dauni taldeak bizi ziren han. Erromatarrek izan zuten aginpidea K.a 326 eta 317 artean; abeltzaintza hedatu zuten eta horrekin batera Abruzzi mendietatik Apuliako ordokietarako migrazioak sortu ziren. Erromaren aurkako matxinadak izan ziren bitan, eta ondorioz, ekonomiaren gainbeherakada nozitu zuen eskualdeak. Augustoren garaian, Italia penintsulako hego-ekialderaino zabaldu zen Apulia. Geroztik ostrogodoen, bizantziarren eta lonbardiarren mende egon zen. Bizantziok bere esku mantendu zituen kaiak eta horietan zerga handiak ezarri zituen. Zenbait hiri horren aurka altxatu ziren, baina matxinadak porrot egin zuen. Gilen II.arekin hobera egin zuen egoerak eta kaiak aberasten hasi ziren. Hohenstaufendarren gobernuarekin aurrera jarraitu zuen eskualdeak, merkataritzari esker batez ere. Genovatarrek, veneziarrek eta florentziarrek monopolizatu zuten eskualde horretako merkataritza. XVI. eta XVII. mendeetan gainbehera egin zuen eskualdeak; izurrite ugari izan zen, turkoek erasoak antolatu zituzten Apuliaren aurka, erregimen feudalak hartu zuen indarra. Frantziarrek hartu zutenean, eskualdeko arazo larrienak konpontzeko neurriak ezarri ziren, feudalismoa deuseztu zen, lurrak banatu ziren. Borboitarrek agintea lortu zutenean, ordea, berrikuntza horiek porrot egin zuten eta hainbeste kalte ekarri dituen bandolerismoa sortu zen.