Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Apuleio

(Lat. Lucius Apuleius) Idazle latinoa (Madaura, Ipar Afrika, 125 - Kartago, 180 inguruan). Atenasen filosofia neoplatonikoa ikasi zuen. Gero Asian barna bidaiatu zuen. Eleusis, Mitra eta Isisen misterioetan irakatsia izan zen, modu horretara «gauzen sekretua» ikasiz. Kartagora itzulirik, alargun aberats batekin ezkondu zen; beronen ahaideek magiaz baliatuz beretu izana leporatu zioten eta Apuleiok Apologia edo De Magia alegatua idatzi zuen bere buruaren defentsan. Gainera, tratatu filosofikoak ondu zituen: De deo Socratis, De Platone eiusque dogmate, De mundo. Haren obra nagusia, alabaina, Metamorfosis izeneko eleberri sinbolikoa da. Batzuetan Urrezko astoa ere deituriko eleberri honetan, autoreak bere sentiberatasuna, mistizismoa, irudimena, arraitasuna, parodiaren gustua eta ondo esatearen grina azaltzen ditu.