Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antigona

(Gr. Antigone) Mit. Edipo eta Jokastaren alaba eta Eteoklesen eta Polinizesen arreba; aita itsuaren gidaria izan zen. Bere osaba eta Tebasko errege zen Kreontek Polinizes ez ehorzteko emana zuen aginduari men ez egiteagatik, bizirik ehortzi zezaten kondenatu zuen Antigona. Epaiaren berri jakinik, Antigonak bere burua urkatu zuen.  v  Anai-arreben arteko maitasunaren eredu den elezahar hau autore anitzen inspirazio iturria izan da.  v  Sofoklesen tragedia (K.a. 441 inguruan). Mitoaren antzezpen hitzez hitzezkoa, autoreak Edipori eskainitako zikloaren barnean. Antigonaren kontzientzia indibidualaren lege idatzigabe ezin urratuzkoak Kreonteren estatu arrazoiari eta lege politikoari kontrajartzen zaizkio. Estatu arrazoia gizabanakoaren kontzientziari nagusiturik, bukaera tragikoa dator: Antigonaz gain, haren semea eta Euridizes, Kreonteren emaztea hilik suertatuko dira.  v  Sofoklesen ondoren antzerkigile askok erabili dute Antigonaren gaia: Rotrou (1638), Alfieri (1776), Cocteau (1927), Anouilh (1944), Brecht (1944), Espriu (1955).