Angola
(Izen ofiziala, Angolako Errepublika; Port. Republica de Angola). Afrika hego-mendebaldeko estatua, Ozeano Atlantikoaren ertzean. Mugak: Kabinda, mendeko lurraldea, ipar-mendebaldean, Kongoko Errepublika Demokratikoa ipar-ekialdean, Zambia ekialdean, Ozeano Atlantikoa mendebaldean, eta Namibia hegoaldean. 1.246.700 km2. 10.978.552 biztanle (2007ko estimazioen arabera, angolarrak). Hiriburua: Luanda. Hiri nagusiak: Benguela, Huambo, Lobito. Dirua: kwanza. Hizkuntzak: portugesa (ofiziala), hizkuntza bantuak eta khoisan-a. Erlijioak: Afrikar erlijioetakoak % 47, katolikoak % 38, protestanteak % 15. ■ Biztanleak. Angolar gehienak afrikar jatorrikoak dira (% 10 inguru mestizoak), eta europar jatorrikoak (portugesak gehienak) % 1 besterik ez dira. Badira asiar jatorrikoak ere. Talde etnikoei dagokienez, oro har, “bantu” izenaren pean biltzen badira ere, hauek dira etnia nagusiak: ovinbunduak (% 37) lurraldearen erdialdean bizi direnak, kinbunduak (% 25) kostaldean, eta bakongoak (% 13) iparraldean, Kongorekin muga egiten duen lurraldean. Haurren heriotza indizea handia den arren (129 heriotza 1.000 haur jaio berriko, 1999) emankortasun indizeak ere halakoxeak dira (6 haur baino gehiago emakumeko, 1999). Bizi itxaropena oso laburra da, 37 urte besterik ez, eta % 40 inguru dira alfabetatu gabeak. 2007aren amaieraz gero, 12.100 errefuxiatu eta 2.900 asilo-eskatzaile hartu ditu, gehienak Kongoko Errepublika Demokratikotik ihes egindakoak. Portugesa da hizkuntza ofiziala, baina biztanleriaren parte txiki batek baizik ez du erabiltzen: politikan, administrazioan eta kulturan jarduten diren eliteek, hain zuzen. ■ Ekonomia. Meatze aberastasun handiak baditu ere, Angolako ekonomia eta gizartea gerra zibilaren eraginpean daude, eta bai nekazaritza sektorea (lur langintza eta abere hazkuntza) bai errepide eta burdinbide sareak egoera tamalgarrian daude. Munduko biztanleko errentarik txikiena dute. ■ Nekazaritzan enplegatzen da biztanleria aktiboaren bi heren baino gehiago, baina, aldiz, BPGaren % 12 baino ez dagokio. Oraindik ez da gauza, inondik inora, herrialdean behar diren elikagaiak ekoizteko. Gerra dela-eta, gainera, mina asko daude soroetan eta nekazariak lanera itzultzeko beldur dira. ■ Angolaren agintepeko itsaspean petrolio erreserba garrantzizkoak daude. Petrolioa da herrialdearen aberastasun iturri nagusia. BPGaren %45 hartzen du eta esportazio guztien % 90. Sarrera garrantzitsuak dira orobat, diamanteak eta herrialdearen hegoaldean ustiatzen dituzten burdin meak. Gainerakoan, bigarren sektoreak –biztanleria aktiboaren % 10 besterik ez du enplegatzen– ez du inolako indarrik. ■ Ekonomia liberalizatzeko prozesua 1990ean hasi bazen ere, oraindik asko falta zaio Angolako ekonomiari benetako merkatuko ekonomia bat izateko. Gerra zibil luzearen eta ondorengo bake hauskorraren eraginez, ustelkeria eta mendekotasuna betiekotu dira Angolako ekonomian. Miseria eta desberdintasunak areagoturik, nazioarteko laguntzekiko gero eta mendekotasun handiagoa dutela, gizarte krisi kezkagarrian sartuta daude, kriminaltasunak eta kaleko segurtasun faltak etengabe gora egiten duten bitartean. Balantzaren beste aldean, petrolio erreserba handiek eta, neurri txikiagoan bada ere, diamante meategiek, egundoko potentzial geo-ekonomikoa ematen diote Angolari, eta mendebaldeko potentzia handien interesa pizten dute (Estatu Batuak, Frantzia). Azken urteetan, ekonomiak nabarmen egin du gora petrolioari esker, eta 2007an LPEEko kide egin zen. Edonola ere, azken urteetako gerrak direla-eta, arazo ekonomiko eta sozial larriak ditu herrialdeak. ■ Historia. Portugaldarrak 1482. urtean iritsi ziren Angolako kostaldera (Diego Caő-ren agintepean) eta 1484tik aurrera Portugalen mendeko lurraldea izan zen. 1885ean, Berlingo Konferentziak ofizialki egokitu zion Angola Portugali. XIX. mendera arte ez ziren portugaldarrak Angola barnealdeaz jabetu (Serpa Pinto militar portugaldarra saiatu zen, alferrik, Angola eta Mozambike kolonia portugaldarrak lurralde bakar batean lotzen, Zanbian barrena). Angolak eraman behar izan zituen, mendeetan zehar, europar kolonizatzaileek ezarririko zama guztiak: esklabo salerosketa, bertako zibilizazioen deuseztatzea eta okupazio militarra. 1640-1648. urte bitartean, holandarren mende egon zen. XVII. mendean hasi ziren metropoliaren aurkako lehen altxamenduak eta 1940an, askapen gerra hasi aurreko azken altxamendu antikolonialistan, kubal herria sakailatu zuten portugaldarrek. Zapalkuntza militarra izan da beti kolonizatzaileen erantzun bakarra. 1951. urtean território eta 1955ean província egin zuten Angola portugaldarrek. 1961ean hasi zen askapen gerra antikolonialista. Hiru higikundek jardun zuten portugesen aurka: MPLA (Angolako Askapenaren aldeko Herri Mugimendua), Sobietar Batasunak eutsita; FNLA (Angolako Askapenaren aldeko Fronte Nazionala), eta UNITA (Angolako Askapen Osoaren aldeko Batasun Nazionala), Ameriketako Estatu Batuek eta Zairek lagunduak. Portugalgo estatu kolpearen ondoren (1974ko apirilaren 25a), Angolaren burujabetasuna sinatu zen 1975eko urtarrilean. ■ Angolak burujabetasuna eskuratu zuenean MPLAk (Angolaren Askapenareko Herri Mugimendua) ez zuen lurraldearen parte txiki bat baino kontrolatzen. Sobietarren eta kubatarren laguntzari esker, ordea, aurrerapen handiak egin zituen, eta 1976ko urtarrilerako kontrolpean zuen FNLAren (Angolaren Askapenerako Fronte Nazionala) buruzagitza, zeinak, mendean harturik, errenditu egin behar izan baitzuen. UNITAk (Angolaren Askapen Osorako Batasun Nazionala), oso ahuldurik bazegoen ere, gerrilla operazioak egiten jarraitu zuen. 1977an, MPLAko idazkari nagusi eta Angolako lehendakari Agostinho Netoren aurkako estatu kolpe bat egiteko ahalegina bultzatu zuten MPLA bereko kideek. Neto handik bi urtera hil zen, 1979ko abenduan, Moskun, minbiziak jota. MPLA marxista-leninista aitortzen zen orduan, eta bere burua “langile klasearen abangoardiako alderditzat” bazeukan ere, ahaleginak egin zituen Mendebaldeko herrialdeekin harremanak normalizatzeko. Agostinho Netoren ondorengoa, Jose Eduardo Dos Santos, agintea hartu zuenetik bertatik saiatu zen pragmatikoa izaten eta, pixkana-pixkana, merkatu librerako trantsizioari ekin zion 1990eko hamarraldiaren hasieran. UNITAk, ordea, diamante meategiak kontrolpean zituela, eta Estatu Batuek eta Hegoafrikak Jonas Savimbiri eskaintzen zioten laguntzaz baliaturik, berriro gerrari ekitea erabaki zuen. Hamar urteko gerra zibil odoltsuaren ondoren (ia milioi bat hildako izan ziren) New Yorkeko hitzarmenetan (1988ko abendua) kubatarrak eta hegoafrikarrak Angolatik irtetea aurreikusten zen. Baina gerra hotzaren amaiera ez zen nahikoa izan gatazka konpontzeko. 1991ko Estorilgo eta Bicesseko akordioek bazirudien bakea gehixeago hurbiltzen zutela. 1991ko maiatzean joan ziren Angolatik azkeneko kubatar osteak eta 19s92ko irailean, Nazio Batuen kontrolpean, hauteskundeak egin ziren eta MPLAk irabazi zituen oso erraz. UNITAk, ordea, ez zuen emaitza hura onartu eta gerrari berrekin zion 1992ko urrian. Nazioartean lagunik gabe (Zaireren laguntza salbuetsita) eta Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak zigorturik, UNITAk nahitaez sinatu behar izan zuen gerrari amaiera ematen zion Lusakako protokoloa (1994ko azaroa). Hitzarmen horretan aurrez ikusi bezala, Jonas Savimbiren osteak armak uzten joan ziren, UNITAko kideak, beren aldetik, gobernuan eta administrazioan pixkanaka integratzen ziren bitartean. 1997ko apirilean, Angolako legebiltzarrak 1992an hautatuak izandako UNITAko 60 diputatu onartu zituen legebiltzarkide gisa, eta “batasun eta adiskidetasun nazionaleko” gobernua eratu zen, UNITAtik etorritako hainbat ministro barruan zirela. Baina gatazkaren txingarrak itzali gabe zeuden. Auzo herrialdeetako egonkortasun faltak (Kongo eta Zaireko gerra zibilak, zeinaren kariaz Zaire Kongoko Errepublika Demokratikoa bilakatu baitzen), garbi utzi zuen bake prozesua hari ahulez josita zegoela, eta hala, 1998ko martxoan UNITAk gerrari ekin zion Ipar eta Ekialdeko probintzietan. Abuztuaren azkenean agintariek indarrik gabe utzi zituzten UNITAk legebiltzarrean eta gobernuan zituen ordezkariak. Urtearen amaierarako lurralde guztira zabaldu ziren gobernuaren aldeko gudarostearen eta Jonas Savimbiren alderdikoen arteko borrokak. 1999ko urtarrilean, Angolako lehendakariak, Jose Eduardo dos Santosek, Lehen Ministroaren funtzioa indargabetu zuen eta bere gain hartu zituen estatu buruzagitza, gobernu lehendakaritza eta armadaren buruzagitza. UNITAren eta gobernuaren arteko gerra zabaldu zen berriro, baina 2002an su-etena sinatu zuten, UNITAk borroka armatua alde batera utzi zuen eta alderdi politiko gisa eratu zen. Batasun nazionaleko gobernu bat eratu zuten, eta egoera politikoa normalizatzen ari da pixkanaka. 2008ko hauteskundeetan Dos Santosen MPLA alderdia izan zen nagusi.
http://www.angola-portal.ao/PortaldoGoverno/