anemia
iz. Med. Odol ahulezia, bereziki globulu gorrien gutxitzea. Gizonezkoak normalean gorputzean izaten dituen globulu gorrien kopurua 4 miloi t’erditik 5 miloi t’erdi bitartekoa izaten da milimetro kuboko eta andrazkoak 4 eta 5 miloi tartekoak baita ere milimetro kuboko. Anemia bat zehazki dagoen ikusteko laborategiko saioak egin behar dira, hemograma analisia batez ere. Anemia duten gaixoek takikardia, nekea eta logura izaten ditu. Horrez gainera digestioari dagokionez gorabeherak izaten dituzte. v Anemia gaiztoa. Ahultasuna izaten da lehenengo sintoma eta beste batzuetan digestioan gorabeherak sortzen dira. Urduritasuna ere agertzen da, adineko pertsonengan batez ere. Arnas organoetan eragina izaten du, oxigenoak zailtasunak dauzkalako biriketara iristeko; edemak ere agertzen dira; globulu gorrien kopurua erdiraino jaisten da, eta globuluak handitu egiten dira, nahiz eta zenbaitetan kontrakoa ere gerta daitekeen. Ondorioz, eritrozitoetan hemoglobina gehiago sartzen da. Leukozitoak eta plaketak gutxitu egiten dira. Diagnosia nahiko erraza izaten da. Anemia honen tratamenduan eritrozitoen garapenerako beharrezkoa den faktorearen kopuru neurtua eta B12 bitamina hartzen dira. Eritasunari ez bazaio sendabiderik jartzen, hiru urtean hil daiteke gaixoa. Gibelean aurkitzen da gaixotasunari aurre egiteko beharrezkoa den eritrozitoen heldutasun faktorearen kopurua. v Anemia makrozitikoa. Anemia gaiztoaren antzekoa da zenbait sintomari dagokionez. Elikaduran B bitaminaren gabeziagatik sortzen da, batez ere B12 gabeziagatik. Sendatzeko nahikoa da elikadura zuzentzea. Baina zenbaitetan azido folikoa ere sartu behar izaten da. v Odol jarioen ondoriozko anemia. Anemia mota honen larritasuna galdutako odolaren araberakoa da. Beharrezkoa da jakitea odolustutzearen zergatia. v Burdin urritasunetik sortutako anemia. Odola galtzeagatik sortzen da, edo elikaduran burdinarik hartzen ez delako. Gehienetan 30-50 urteko emakumeengan sortzen da. Burdina gorputzean sartu bezain laster sendatzen da. v Anemia aplastikoa. Hezur muina gutxitzean sortzen da. Zenbait pozoik sortzen dute. ■ Azken aurkikuntzak. Zurbiltasunarekin lotu ohi da anemia sarritan. Ideia hori bat dator datu fisiologiko batekin: globulu gorriek koloregai gorri bat dute, hemoglobina. Koloregai hori, zauri batetik isuri ohi den odola bezain gorria da eta tegumentuen gorritasuna eragiten du. Kolore hori, beraz, odolak duen hemoglobina kopuruaren baitan dago. Luzaro pentsatu izan da odolak duen hemoglobina kontzentrazioak globulu gorrien kopuruarekin zuela zerikusia. Baina hori ez da egia, globulu gorrien kopurua eta hemoglobinaren kontzentrazioa ez datoz beti bat. Eta gerta liteke globulu gorrien kopurua normala izanik beren tamaina ohikoa baino txikiagoa izatea. Berezitasun hori duen norbaitengan, odolak duen hemoglobina kopurua ez da seguru asko nahikoa izango. Eta odolak duen hemoglobina kopuruak erabakitzen du, hain zuzen ere, batek anemia duen edo ez. Bestalde, zurbiltasuna ez da beti anemiaren seinale izaten. Izan ere, gerta liteke, hemoglobina kopuru normala izanik, azala zurbila izatea. Eta gainera, beste alde batetik, gerta liteke batek azalaren zurbiltasunik gabe anemia izatea. Hori gertatzen da, esate baterako, hemoglobina tasaren jaitsiera kopuruz txikia izan arren biologikoki esanguratsua denean. Begia ez da gai hemoglobina tasaren jaitsiera nabarmenak baizik igartzeko. Alderantziz, aurpegiko tegumentuen baskularizazioa gehiegizkoa baldin bada, horrek anemia estal dezake. ■ Anemiaren historian bi aurkikuntza garrantzitsu egin dira. 1960-1970 bitartean asko aurreratu zen globulu gorriei buruzko ezagutza fisiologikoan eta, horren ondorioz, globulu hori da seguru asko hobekien ezagutzen dena. Berrikiago, neurketa tekniken mailan egin dira, berriz, berebiziko aurrerapenak. Detekzio elektronikozko metodoei eta ordenagailuei esker, zehatz-mehatz neur daitezke odolaren osagai batzuk eta besteak. Fisiologian eta teknologian egin diren aurrerapen horiek elkarturik, oso modu fidagarrian eta zehatzean landu dezakete medikuek diagnostikoak egiteko metodologia. Diagnostikoaren egitura logiko hori oso erabilgarria da azterketa biologiko, erradiologiko edo isotopiko asko batera egiten direnean eta kausa asko ezagutzen direnean. ■ Globulu bakoitza ia hemoglobina hutsez betetako zakua da. Antza denez, hemoglobinaz kanpo globulu gorriak osatzen dituzten gainerako gaiek hemoglobina oxidaziotik babesteko zeregina dute soilik. Hemoglobinaren egiteko nagusia oxigenoa garraiatzea da. Ehunetan oxigenoaren presioa jaisten denean eritropoietina sortzen du gorputzak, muinak globulu gorri gehiago ekoiztera bultzatzeko zeregina duen glikoproteina. Globulu gorrien bizia 120 egunekoa da batez beste. Beraz, globulu gorrien ehun eta hogeiren bat berritzen da egunero eritropoietinaren bidez. Horrek esan nahi du biologoak % 1 globulu gorri sortu berri aurkitzen duela odolean: erretikulozitoak. Globulu gorrien ekoizpena neurtzeko metodoa nahiko sinplea da beraz. Beharra handitzen baldin bada, eritropoietina tasa hazi egiten da eta eta baita eritroblastoen (globulu gorriak sortzen dituzten muineko zelulen) kopurua ere; zenbait egunen buruan, erretikulozitoen kopurua handitu egiten da odolean. Eritropoietinaren aurrean horrela erantzuteko, muinak ongi egon behar du, hau da, eritroblastoek eta bere aitzindariek normaltasunez ugaltzeko eta bereizteko gai izan behar dute. Giza zelula guztiekin gertatzen den bezala, eritroblastoak ugaltzeko beharrezkoa da DNAren sintesia, eta, beraz, plasmak nahiko azido foliko eta B12 bitamina izatea. Eritroblastoen ugaltzeak hemoglobinaren sintesia dakar berekin. ■ Gehiegizko galerei eta ekoizpen eskasiari zor zaizkion anemiak bereizten dira normalean. Gehiegizko galerei zor zaizkion anemietan, muinak normaltasunez erantzuten dio eritropoietina gehiago ekoizteko beharrari. Beraz, hemoglobina tasa jaitsi eta handik egun batzuetara erretikulozitoen tasa hazi egiten da. Gehiegizko galera hodien barruan gerta daiteke, hau da, globulu gorriak normalean banatzen diren eremuan. Orduan hiperhemolisia gertatzen dela esaten da. Hiperhemolisia globulu gorriez kanpoko kausen eraginez gerta daiteke (antigorputzak itsastearen, gai toxikoak askatzearen, globulu gorrien hauste mekanikoaren eta abarren eraginez) edota kausa korpuskularren eraginez (mintzaren egituraren, hemoglobinaren edota globulu gorrien entzimen anomalien eraginez). Gehiegizko galerak, hodietako lesio baten eraginez, hodietatik globulu gorriak ateratzearen ondorio izan daitezke. Odoljarioa barrukoa zein kanpokoa izan daiteke. Ekoizpen eskasiari zor zaizkion anemiak, erretikulozitoen kopurua jaitsiz hasten dira. Horren ondorioz, hemoglobina tasa ere jaitsi egiten da.