Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anberes

(Fr. Anvers, Neerl. Antwerpen) Belgika iparraldeko hiri flandestarra. 486.576 biztanle (1985ean). Ipar Itsasotik 88 km-ra, Albert eta Schelde (Fr. Escaut, Esp. Escalda) ubideek zeharkatzen dute hiria. Hiri zaharreko arkitektura oso berezia da: etxe garaiak, beirazko aurrealdeak eta irtenune nahiz kiribilduraz hornituriko hastialak. Grote Markt Plaza, katedral gotikoa, Rubens-en Etxea. Museoak.  v  Belgikako bigarren industria hiria, Anberes portuko merkataritzari esker garatu da: portua, munduko laugarrena da, Rotterdam, New York eta Londresen atzetik (86.246.000 tona, 1985). Bertatik igarotzen dira Belgikako merkataritzaren 4/5enak eta Europa erdialdeko herriekiko harreman handiak ditu (Alemaniako Rhin aldearekin batez ere). Hiriak historian zehar ospe handia eman dioten industriak gorde ditu: ehungintza, diamante lanketa eta tabakoa. Automobil industria (Ford, Chrysler), industria kimikoa eta farmazia (Bayer).  v  Historia. Anberesen jatorrian daude beneditar irlandarrek bertako polderrak lehortzen VII. mendean eginiko lanak (San Amando, 667). Harmarria, esku batzuk, XII. mendean azaldu zen lehenengoz (Handwerpen «esku askea»). Brabanteko dukeen hiria izan ondoan, Anberes komuna demokratikoa bihurtu zen karta baten bidez (XIII. m.). Brujas hiriaren gainbeherarekin batera hasi zen Anberesen garapena: 1460an, bertan sortu zen Europako lehen Burtsa. Ipar Europako merkataritza eta garraio gune garrantzitsua, Anberes munduko hiri jendetsuena zen XVI. mendean. Westfaliako tratatuak mugatu zuen portuaren garapena (1648, Schelde ibai-bokalearen itxiera). Napoleonek itsas armategia eraiki zuen bertan eta betidanik bere nahi zuten holandarrek 1832. urtean utzi behar izan zuten hiria, bi urtez beren mende eduki ondoan. 1944an, alemaniarren bonbardaketak jasan zituen.