Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anaxagoras

Greziar filosofoa (K.a. Klazomenas, 500 inguruan - Lampsako, 428). Joniako eskolakoa, ustez Anaximenes eta Hermotimorekin batera ikasia. Atenasen finkaturik, filosofia eskola ireki eta Arkelao, Perikles, Euripides eta, agian, Sokratesen maisua izan zen. Ateismoaren salakuntzapean heriotzara kondenaturik, Atenasetik ihes egin behar izan zuen. Izadiari buruz izeneko haren tratatu garrantzitsueneko zatiak besterik ez dira iritsi gaur egunera arte. Lehen materia partikula infinituz osatua da, ernamuin moduko hauek eratzen dituztelarik, elkarrekin nahastuz, gorputz guztiak. Bere kosmogonian adimen ordenatzailearen ideia sartu arren, haren pentsamendua materialista eta mekanizista da betiere. Aurkikuntza zientifiko garrantzitsuak egin zituen, hala nola ilargi zein eguzki eklipseen azalpena, arrainen brankien bidezko arnasketa; garunaren anatomia aztertu eta animalien disekzioak egin zituen. Familiz noblea izan arren, politika arazoetatik kanpo bizi izan zen.