Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

anatomia

iz. Izaki bizien organoen forma, kokaera eta egitura aztertzen dituen zientzia. ◊ Izaki bizien egitura.  v  Anatomia orokorra. Anatomiaren alor honen xedea gorputzaren barruan antzekoak diren atalak konparatu eta horiekin «sistema» izeneko talde naturalak sortzea da, horien osaera, egitura eta garapena aztertzeko eta gorputzaren funtzionamendu osoan atal horiei dagokien zeregina zehazteko. Organoak osatzen dituzten ehunak ere aztertzen ditu. Sortzen zaizkion egitura arazoak konpontzeko azterketa mikroskopikoak, kimikoak eta fisiokimikoak eskainitako datuak erabiltzen ditu.  v  Anatomia deskriptiboa. Izaki antolatu baten arkitektura zehazki ezagutu ahal izateko anatomiak aparailu eta organoen kokaera aztertu behar du. Azterketa analitiko hau da anatomia deskriptiboa, hots, organoen kokaera, bolumen, forma, pisu, norabide eta oro har kanpo tasun guztien azterketa. Horrela bada osteologiak hezurdura aztertzen du; artrologiak, giltzadurak; sindesmologiak, lotailuak; miologiak, gihar aparailua; angiologiak, aparailu baskularra; neurologiak, nerbio sistema, eta esplaknologiak, erraiak.  v  Anatomia topografikoa. Organoen arteko lotura eta harremanak aztertzen dituen anatomia da. Anatomia deskribitzailearen ezagutza nahiko zabalak eskatzen ditu eta hura ordezkatu gabe osotu egiten du. Semiologiak, diagnostiko eta ebakuntza kirurgikoetarako behar diren ezagutza eta datu anatomikoak ematen ditu.  v  Anatomia konparatua. Anatomia alor honen xedea talde bereko hainbat izakiengan organo edo sistema baten azterketa konparatua egitea da, sailkapenak egitea, bizimodu jakin batekiko egokitzapenen aztarnak aurkitzea, ezaugarri anatomikoen korrelazio legeak argitzea, etab.  v  Anatomia patologikoa. Gaixotasunak eragindako aldaketa organikoen azterketa da. Honen barruan anatomia patologiko makroskopikoa eta anatomia patologiko mikroskopikoa bereizi behar dira. Lehendabizikoa autopsia eta antzerakoetan erabiltzen da eta bigarrenak ostera ehunak aztertzen ditu mikroskopioan ebaketa eta tintaketa lanak egin ondoren. Azkenik beste sailkapen bat ere egin daiteke, anatomia patologiko orokorra batetik, prozesu patologikoak oro har aztertzen dituena (hanturak, bihurdurak, etab.), eta anatomia patologiko berezia bestetik, hau da, prozesu horiek organo bakoitzean aztertzen dituena.  v  Anatomia erradiologikoa. Gaixotasun, traumatismo eta bestelako gaitzetan X izpiak erabiltzen direnetik asko garatu da anatomia erradiologikoa. Erradiologiak eskainitako irudiak aztertzen ditu, eta hezur, giltzadura, errai eta abarren barne osaera aztertzeko aukera ematen du. Anatomia erradiologikoa lagungarria da diagnosi mediku nahiz kirurgikoak egiteko eta bidea ematen du izaki bizien forma normalak patologikoetatik bereizteko, azken hauek ondo zehaztuz. 
 v  Historia. Medikuntza bezain zientzia zaharra da baina garapena ez da izan hain lasterra, antzina ez zituztelako uzten giza gorputzak ebakitzen. Aristoteles hartzen da anatomiaren sortzailetzat, ez giza anatomiarena, konparatuarena baizik. Bere azterketak ez ziren oinarritu gizakiengan, behe mailako animaliengan baizik. Giza anatomiari buruzko lehen tratatua Galenok idatzi zuen. Obra hau izan zen XVI. mendera arte medikuntzaren eta honen irakaskuntzaren muina. Tximuak aztertu zituen eta gorputzeko sistemak oso ondo ezagutu bazituen ere, akats asko ageri dira bere azalpenetan. Behaketak egiteko giza gorputzak erabiltzen hasi zirenean, XIV. mendean berpiztu zen anatomia. Anatomia modernoa Andres Vesalius-ekin hasi zen, giza gorputza osoa nolakoa den azaldu zuenean. Liburu honek ezeztu zuen Galenok adierazitakoa, eta zientzia honetan klasiko bilakatu da. Anatomiaren historian aurkikuntza garrantzitsuak izan dira histologiarena (Marie F.X. Bichat, 1771-1802), zitologiarena (Schultz, 1825-74, eta Virchow, 1821-1902) eta enbriologiarena (Karl Ernst von Baer, 1792-1896).