Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

analisi

iz. Osotasun baten zatien azterketa; gertaera, idazlan, teoria… baten azterketa zehatza.  v  Analisi funtzionala. Zibernetikan, prozesu informatiko bateko aldi mekanizatua. Bitarte jakinetatik eta helburu zehatzetatik abiatuta egokienak diren emaitzak ateratzen ditu.  v  Analisi organikoa. Analisi funtzionalaren ondorengo aldia, honek proposatutako sistema egiteko modua aztertzen duena.  v  Analisi ekonomikoa. Gertakari ekonomiko batean dauden indarrak eta faktoreak ikertzen dituena. Ikerketa hau kuantitatiboa edo kualitatiboa izan liteke. Ikertzen duen alorraren arabera analisi mikroekonomikoa ala makroekonomikoa deitzen zaio. Lehenengoan subjektu soilak aztertzen dira, bigarrenean, aldiz, bizitza ekonomikoa erabat hartzen da analizagai.  v  Bariantza eta kobariantza analisia. Estatistikan, kalkulu metodoa. Termino desberdinen batuketa batean bariantza bakartuaz lortutako emaitza. Termino hauetako bakoitzak adierazten du behaketa multzo batetik ateratako datuen aldakortasuna.  v  Analisi estatistikoa. Datu estatistikoen interpretaziorako erabiltzen den metodoa.  v  Analisi faktoriala. Atzemandako datu multzo bateko emaitzen interpretazioa.  v  Analisi jarraitua. Erakusgarri baten esanahia ikertzeko metodoa. Datuak jasotzen eta taula batean sartzen diren ahala analizatzen dira, erakusgarria handiegia dela agertzen den arte.  v  Analisi matematikoa. Matematikan bai analisia bai sintesia kalkulurako metodoa. Sintesian, aurretik ezarrita dagoen egia matematiko batetik abiatuta egia berri bat frogatzen da. Analisian, egiaztatu nahi den hipotesia onartu egiten da hasieratik. Hipotesi hori abiapuntu bezala hartuta, beste egitate matematiko bat ondorioztatzera iristen da. Sintesi metodoa geometrian erabiltzen da batez ere.  v  Analisi kimikoa. Kualitatiboa, nahastura edo gai konposatu baten osagaiak bereizten dituena. Kuantitatiboa, helburutzat lagin baten osagaien zenbatekoa erabakitzea duena.