analgesiko
iz. eta izond. Med. Nerbio guneetan eraginez mina kentzen duen sendagaia. Horietako batzuek sukarra baretzeko gaitasuna ere badute. Mina kentzeaz gainera beste sentsazio motak ere murrizten dituenean anestesiko izena hartzen du. Bi analgesiko mota bereizten dira eraginaren arabera: «maior» taldekoak, morfina eta deribatuak; eta «minor» taldekoak, salizilatoak eta horren konposatuak, batez ere azido azetilsalizilikoa, antipirina eta fenazetina. Lehenengo motatakoek muinaren azalaren gain dute eragina; askotan atxikimendua sorrarazten dute. Bigarren taldekoek dienzefaloan eragiten dute eta ez dute atxikimendurik sortzen.