Allende, Isabel
Txiletar idazlea (Lima, Peru, 1942). Txileko presidente izan zen Salvador Allenderen iloba. 1975ean Venezuelara alde egin zuen Augusto Pinocheten diktaduratik ihesi. Kazetari gisa lan egin zuen bertan, umorezko artikuluak idatziz, batik bat. Atzerrian idatzi zuen bere lehen nobela, nazioarteko ospea eman ziona: La casa de los espíritus (1982, Izpirituen etxea), 1973ko Txileko estatu kolpe militarra ekarri zuten giroa eta gertakizunak kontagai dituen familia-kronika. Errealismo magikoaren korrontean kokatu izan da liburua eta Bille August zuzendari daniarrak zinemara eraman zuen. Arazo pertsonalak eta politikoak aztertzen jarraitu zuen De amor y de sombra (1984, Amodioaz eta itzalaz) eta Eva Luna (1987) nobeletan eta Cuentos de Eva Luna (1992) ipuin bilduman. Txilera itzuli zen 1988an, Pinochetek hauteskundeak galdu zituenean. 1995ean Paula, bere alabari eskainitako oroitzapen liburua argitaratu zuen eta 1997an Afrodita, gastronomia eta literatura nahasten dituen liburu bitxia. Zortzi urtez nobelarik argitaratu gabe egon ondoren Hija de la Fortuna (1999, Zoriaren alaba) kaleratu zuen, XIX. mendearen erdialdean kokatua, urre gosearen garaian Txiletik Kaliforniara joan zen gazte baten istorioa kontatzen duena.