Allen, Thomas
Britainiar baritonoa (Seaham Harbour, Durham, Ingalaterra, 1944). 1969an hasi zuen bere karrera opera kantari gisa, Welsh National Operan, Rossiniren Sevillako Bizargina obrako Figarorena eginez. 1972an Londresko Covent Garden konpainian hartu zuten. 1970eko hamarkadan antzoki eta jaialdi askotan kantatu zuen: 1973an Glyndebourneko jaialdian, 1976an Milango Scalan, 1982an Pariseko Operan (Verdiren Falstaff eko Ford abestuz), eta 1985eko Salzburgoko Jaialdian (Hans Werner Henze musikagileak Monteverdiren Orfeoz egindako bertsioa estreinatu zuen). Bere ahots bikainari eta musikaltasunari esker, era guztietako opera eta oratorioak kantatu ahal izan ditu eta baita errezitalak eman ere. Bere errepertorioan Glück, Purcell, Schubert (bera da honen Liederen interprete onenetakoa), Puccini (La Bohčmeko Marcello), Donizetti (L'elisir d'amoreko Belcore), Debussy eta, batez ere, Mozart (Don Giovanniko protagonista, Cosí fan Tutteko Guilielmo, Le noce de Figaroko Figaro eta Kondea eta Xirula Miragarriako Papageno) aurkitzen dira.