Allen, Irvin
Estatubatuar ekoizle eta zinemagilea (Varsovia, Polonia, 1905 - New York, 1987). Haurra zelarik Estatu Batuetara alde egin zuen gurasoekin batera. Komunikazioaren munduko arlo batzuetan eta besteetan lan egin ondoren, zinema izan zuen gogokoen eta 1930eko hamarkadako estudio nagusietan (Paramount, Universal…) hasi zen lanean laguntzaile gisa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren filmak zuzentzen eta ekoizten hasi zen. 1950ean Warwick Film Production enpresa sortu zuen Albert R. Broccolirekin batera, eta Ingalaterrara begira lan egin zuen batik bat, Terence Young, Henry Levin edota Jack Cardiffen filmak ekoiztuz. Berak zuzendutako bi film laburrek –Climbing the Matterhorn (1947) eta Chase of death (1949)–, Oscar saria jaso zuten.