Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Altamira

Santillana (Santander) ondoko leizea, Madeleine Aroko margoengatik ospetsua. Haitzuloetako artearen «Kapera Sixtinoa» deituriko hau Marcelino de Sautuolak aurkitu zuen 1879an, baina bertako pinturen benetakotasuna eta garaia denbora luzez eztabaidatu ziren. Frantzian egindako beste zenbait aurkikuntzak frogatu zuten haitzuloetako arte franko-kantauriarra Kuaternariokoa zela. Cartailhac eta Breuil abadeak leizearen erabateko ikerketari ekin zioten eta 1906an lehen aldiz argitaratu ziren bertako margolanen kopiak. Pinturak «areto handia» deiturikoan —18 m luze eta 9 m zabal— aurkitzen dira, sarreratik 30 metrora. 150 irudi ikus daitezke, 1,20 eta 2 m arteko sabaian. Abereak dira gehien irudikatuak, bisonteak batez ere, baina badira irudi antropomorfoak ere, animali buruaz hornituriko giza gorputzak. Margolanen kolorea ondo kontserbatu da eta, zenbaitetan, irtenuneak erabili dira erliebe sentsazioa nabarmentzearren. Irudien sinbolismoa zail da argitzen, baina antropomorfismoak betekizun magikoa betetzen bide zuen.