Alonso, Periko
Gipuzkoar futbol jokalari eta entrenatzailea (Tolosa, 1953). Jokalari bezala, bost denboraldi egin zituen Real Sociedad taldean, 1977tik 1982ra bitartean, eta tarte horretan bi Liga lortu zituen talde donostiarrarekin. 1982an Bartzelonak fitxatu zuen, eta talde horrekin ere 84-85 Liga eta Errege Kopa bat irabazi zituen. Futbolari profesional izateari 1987-88 denboraldian utzi zion, Sabadell taldean. Entrenatzaile bilakatu eta berehala hasi zen lan horretan. 1989tik 1993ra bitartean, Real Sociedad B taldea entrenatu zuen bigarren B mailan, eta maila berean jokatzen zuen Beasain taldearen ardura izan zuen 1993tik 1995era. Ondorengo hiru urteak, 1998 arte, Eibar taldeko entrenatzaile bezala eman zituen, bigarren mailan, eta Eibar utzi ondoren maila berean ziharduen Hercules taldearen ardura hartu zuen hurrengo denboraldian. Lehen mailarako jauzia 2000. urteko urrian egin zuen, une hartan egoera latzean zegoen Real Sociedad taldean Javier Clementek utzitako lekua betez. Taldearen egoerak ez zuela onera egiten eta, Realeko entrenatzaile izateari utzi zion 2000 urteko abenduan, eta orduan adierazi zuen ez zuela inoiz beste talde bat entrenatuko.