Alonso, Amado
Espainiar literatura kritikari eta hizkuntzalaria (Lerin, Nafarroa, 1896 - Arlington, Massachusetts, 1952). Ramón Menéndez Pidalekin ikasi zuen Madrilgo unibertsitatean. Alemanian espezializazio ikasketak egin zituen. Gero, Buenos Aireseko unibertsitatean, Filologia Institutuko zuzendaria izan zen hamabi urtez (1927-1939). Handik Estatu Batuetara aldatu zen Kalifornia, Illinois, Columbia eta Harvardeko unibertsitateetan irakatsiz. Filologia eta dialektologia ikerketak literatura kritikaren inguruan egindakoekin aldizkatu zituen. Aurreneko sailekoak dira: Problemas de dialectología hispanoamericana (1930), El problema de la lengua en América (1935), El castellano, idioma nacional (1943), etab. Bigarren sailean, estilistikari dagozkionak aurkitzen dira, A. Alonso gai horren aitzindaria izan baitzen Espainian: Poesía y estilo de Pablo Neruda (1940), Materia y forma en poesía (1955), etab. Bestalde, fonetika historikoaren alorreko tratatu bat utzi zuen: De la pronunciación medieval a la moderna en español (1955). Zenbait aldizkariren zuzendari ere izan zen: Revista de filología hispánica (1939-1946), Nueva revista de filología hispánica (1947tik aurrera).