Alonso, Anabel
Bizkaitar antzezlea (Barakaldo, 1964). Turismoko ikasketak egin ondoren Madrila joan zen antzezpenaren munduan sartzeko asmoz. Antzerkian Luis Iturriren zuzendaritzapeko Troiarrak lanean egin zuen debuta, telebistan La traka sailarekin, eta zineman Alvaro Sáenz de Herediaren El robobo de la jojoya filmarekin (1992); azken horretan Martes y Trece bikote komikoarekin lan egin zuen. Lankidetza horrek, telebistan batez ere, eman zion ospea. Zineman, 1993an egin zuen lanik garrantzitsuena, Pedro Almodóvarren Kikan. Pertsonaia umoretsuak baztertu gabe, paper dramatikoak ere egin ditu Anabel Alonsok: Mario Camusen Amor propio (1994), Ernesto del Ríoren Hotel y domicilio (1994), Pedro Costaren El crimen del Cine oriente (1996) -lehen paper protagonista zineman-, Pilar Miróren Tu nombre envenena mis sueños (1996). Telebistan hainbat telesaiotan parte hartzeaz gainera, aurkezle lanak ere egin ditu, eta antzerkia ere ez du utzi (Agustín Gómez Arcosen Los gatos, Miguel Mihuraren Maribel y la extraña familia, Emilio Hernándezen El lunáticoi).