Alcoriza, Luis
Mexikar zinemagilea (Badajoz, 1920 - Cuernavaca, Mexiko, 1992). Komiko ibiltariak zituen gurasoak. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Afrikara joan ziren lehendabizi ihesi, eta Mexikora gero. Luis Buñuelekin hasi zen lanean antzezle eta gidoigile gisa. Berak idatzi zituen, esate baterako, Buñuelen El gran Calavera (1949), Los Olvidados (1950), El ángel exterminador (1962) filmen gidoiak, besteak beste. Zuzendari gisa, berriz, Los jóvenes (1960), Tlayucán (1961), Tarahumara (1964), Mecánica Nacional (1971), Presagio (1974) –Gabriel García Márquezekin batera idatzia–, eta Las fuerzas vivas (1975) satira politikoa egin zituen, besteak beste, Mexikon. Franco hil ondoren Espainiara itzulita, Tac Tac (1981) eta La sombra del ciprés es alargada (1990) –Miguel Delibesen nobelan oinarritua–, egin zituen. Kostunbrismoa eta surrealismoa dira Alcorizaren filmen ezaugarri nagusiak.