Alcolea, Carlos
Espainiar margolaria (A Coruña, 1949 - Madril, 1992). Luis Gordilloren bideari jarraituz 1970-1980 hamarkadan garatu zen Madrilgo Figurazio Berriaren edota Laurogeiko hamarkadako Pinturaren kide izan zen. 1971. urtean egin zuen lehen erakusketa Madrilgo Amadís galerian. Erakusketa horretan besteak beste Pierre Bonnard edo David Hockney artista zaharragoen lanetan inspiraturiko margolanak aurkeztu zituen. Alcolearen margolanak kolore distiratsuak eta dinamikotasun handia du, eta oso sortze prozesu gogoetatsua islatzen du, formak eta marrazkia nagusi direla. Bere lan adierazgarrienen artean Biluzia eskaileratan behera (1976-1977), Matisse egunez, Matisse gauez (1977), edota igerilekuei buruzko mihise sorta dira aipagarriak. Aprender a nadar (1980, Igeri egiten ikastea) saiakera idatzi zuen bere margolaritzari buruzko teorietan oinarrituta. 1992an, hil ondoren, Arte Ederretako Sari Nazionala eman zitzaion.