Alcina Franch, José
Espainiar antropologo, historialari eta arkeologoa (Valentzia, 1922 – Madril, 2001). Gizonik adituenetako bat izan zen Ameriketako aldi hispaniarraren aurreko ikerketan. Valentziako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta bertako irakasle laguntzaile izen zen. Geroago, Madrilgo Unibertsitatean, Parisen eta Mexikon sakondu zituen ikasketak. Madrilgo Unibertsitatean irakasle, eta Sevillakoan eta Madrilgoan katedraduna. Madrilgo Unibertsitateko Antropologia eta Etnologia sailaren Revista Española de Antropologia Americana aldizkariaren bitartez, arkeologiaren ikuspegi berritzailea azaldu zuen Alcinak, zientzian eta herrien bilakaera eta historian oinarriturik. 1960 eta 1980ko hamarkaden artean, hainbat arkeologia indusketetan parte hartu zuen Perun, Ekuadorren, Guatemalan eta Mexikon. Erakunde garrantzitsuen omenaldi eta sariak ez ezik, Amerika eta Europako hainbat herrialdetako sari handienak ere bereganatu zituen. Bere herrian Ameriketako arkeologia eta antropologia ikerketen bultzatzaile izanik, hango arte hispaniar aurrekoa ekialdeko eta mendebaldeko zibilizazio handienen parean jartzen arduratu zen Alcina. Sinposium, biltzar eta erakusketa ugari antolatu zituen, besteak beste 1992an Madrilgo Arkeologia Museo Nazionalean Antzinako Mexikoko kultura aztekari eskainitako erakusketa gogoangarria. Bibliografia zabala du.
- Alçay
- Alçay-Alçabéhéty-Sunharrete
- Alçay-Alçabehty-Sunharrete
- Alcedo
- Alciette
- Alcina Franch, José
- Alcolea, Carlos
- Alcoriza, Luis
- Alda
- alda
- Aldaba