Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Albania

(Izen ofiziala, Albaniako Errepublika; Albanieraz. Republikae Shqipėria, «Arranoen herria»). Europako hego-ekialdeko errepublika, Balkanetako penintsularen mendebaldean. Mugak: Jugoslavia, ipar-ekialdean eta iparraldean; Mazedonia, ekialdean; Grezia, hego-ekialdean eta Itsaso Adriatikoa, mendebaldean. 28.748 km2 (Europako estaturik txikienetakoa da) eta 3.600.523 biztanle (2009ko estimazioa, albaniarrak). Hiriburua: Tirana (240.000 biztanle inguru). Hiri nagusiak: Durrės, Elbasan, Shkodėr eta Vlore. Hizkuntza ofiziala: albaniera (1994an, dialekto toskoan oinarrituriko albaniera izendatu zen hizkuntza ofiziala). Dirua: lek-a. Erlijioa: musulmana, kristaua (ortodoxoa eta katolikoa) eta ateismo ofiziala (% 85). ■ Biztanleria. Albania da munduko herrialderik homogeneoenetakoa, etnien osaerari dagokionez; % 98 inguru albaniarrak ziren 1995ean. Lurralde haietan antzina bizi ziren iliriarren ondorengoa da, ustez, albaniar etnia. Gainerako biztanleak greziarrak (200.000-400.000), ijitoak, serbiarrak eta bulgariarrak dira, besteak beste. Albaniar langileen % 20 atzerrian ari da lanean, Grezian eta Italian batez ere. Albaniarren etnian gegoak eta toskoak bereizten dira eta herri bateko eta besteko kideen ezaugarri bereizgarriak ezaugarri fisikoak, dialektoa eta ohiturak dira. 1997ko gatazken ondorioz, milaka albaniarrek ihes egin zuten Italiara eta Greziako iparraldera (greziar gutxiengokoak batez ere). ■ Hezkuntza eta kultura. Denbora askoan zapalduta egon zen albaniera eta albaniar kultura, baina 1880an berriro hasi zen biziberritzen. Erregimen komunistaren eskutik, sobietar eta txinatar ereduari jarraituz antolatu zen hezkuntza, eta 1960ko hamarraldiaren erdialdean iraultza kulturala bizi izan zuen Albaniak. Gaur egun biztanleen ia % 100 da alfabetatua. ■ Gobernua eta administrazioa. Albania herri errepublikatzat hartzen zuen konstituzioaren ondoren, bigarren konstituzio sozialista onartu zen 1976. urtean, baina 1991n utzi zen indargabe, alderdi bakarreko erregimena desegin zenean. Urte hartan behin-behineko konstituzio bat eman zen eta Albaniako Errepublika osatu zen. 1994ko erreferendumaren ondoren behin-behineko konstituzio hura desegin zen. Gaur egungo konstituzioa 1998an onartu zen. Aginpide betearazlea presidentearen esku dago gaur egun, eta honek izendatzen du Lehen Ministroa. Aginpide legegilea legebiltzarraren esku dago. Albaniako lurraldea 12 administrazio barrutitan banatuta dago (qark/qarku). ■ Ekonomia. Europako gainerako herrialdeen datu ekonomikoekin alderatuz, oso herrialde pobrea da Albania, eta zailtasun handiei aurre egin behar izan die bere ekonomia merkatura irekitzeko. 1946az gero gobernu sozialistak garrantzi handiko erreformak egin zituen, baina 1990-1991. urteetan gobernuak antolaturiko planak hondoa jo zuelarik, gainbehera etorri zen Albaniako ekonomia 1993-1995 urteetan. Gobernua ekonomia nola edo hala egonkortzeko neurriak hartzen ahalegindu zen 1996an, eta neurri horien eta % 12ko defizitaren eraginez inflazioa areagotu zen. 1997. urte hasieran finantzen piramide erako eskemak hondoa jo zuen; sistema horrek albaniarren diru ezarpenak erakarriak zituenez, sistema hondatu zenean istilu larriak sortu ziren: 1.500 hildakotik gora egon zen, eta BPG % 8 jaitsi zen. 1997an aginpidera iritsi zen gobernuak neurri gogorrak hartu behar izan zituen ordena publikoa berriro ezarri eta ekonomia jarduera eta merkataritza berrindartzeko. 1994az gero, Albaniako ekonomia kanpoan lanean ari diren albaniarren dibisei esker (langileriaren % 20) mantendu da nagusiki, eta susperraldi txiki baten ondoren, 1998an % 7 inguru igo zen BPGa. ■ Nekazaritza eta abeltzaintza. Albaniako lurren bosten bat inguru da nekazaritzarako erabilgarria. Ureztatze eta idortze lan handiak egin ziren 1950az gero, eta horri esker gero eta lur gehiago erabili ahal izan da nekazaritzarako. Langileen erdiak, gutxi gorabehera, nekazaritzan dihardu. Nekazaritzako gai nagusiak (1994ko ekoizpenaren datuen arabera) fruitu eta barazkiak ziren, garia, artoa eta patatak. Era berean, erremolatxa, olibondoak, kotoia eta tabakoa ere lantzen dira. Ahaleginak egiten dira abeltzaintza indartzeko, baina azienda (behi, ardi, zerri) urria da oraindik. ■ Baso ustiapenari dagokionez, garrantzi handiko baliabide naturalak ditu Albaniak, baina ez dira ahal adina ustiatzen. ■ Energia iturriei dagokienez, Albaniak indar hidroelektrikoa sortzeko ahalmen handia du. 1990eko hamarraldiaren hasieran urteko 3.357 milioi kWh, ekoizten zituen. ■ Meatzaritza. Lurpeko aberastasun bikainak ditu Albaniak, besteak beste kalitate handiko kromo mea; munduko ekoizle nagusietakoa da (urtean 1.200.000 tonatik gora). Petrolioa (Vlorė, Berta eta Qyet Stalin), kobrea eta nikela ere badira. ■ Industria. 1950eko hamarraldian kimika, zementu, ongarri eta makina-tresnak egiteko industriak sortu ziren, Sobietar Batasunak eta Txinak emandako laguntzarekin. Gaur egun Albaniako industria jarduera nagusietakoa meatzaritza da, batez ere kromo mearen industria. Ehungintza, altzairugintza eta nekazari industria ere kontuan hartzeko jarduerak dira. ■ Petrolioa eta meak esportatzen dira batez ere, eta eskulanak eta elikagaiak inportatzen, Europar Batasunetik batez ere. ■ Historia. Grekoek konkistatu ondoren (K.a. VII. m. aldera), Epiro, Mazedonia eta Erromako Inperioaren mende egon zen gaur egun Albania den lurraldea (antzinako Iliria). IV. mendetik aurrera Ekialdeko Inperioaren barnean geratu zen. XI. mendean Bizantzioren esku eta XIV. mendean Serbiaren mende egon zen. Karlos II. («Gaiztoa», frantsesen esanetan) Nafarroako erregearen garaian, Albaniako lurraldeetara abiatu zen nafarren espedizio bat, baina alferrik izan zen (XIV. m. bukaera). Skanderbeg heroi nazionalak eutsi bazien ere, hura hil ondoan Turkiaren mende gelditu zen Albania (1479), garai horretatik aurrera herriaren islamizatzea hasi zelarik. Kostaldean egokitu ziren veneziarrek ere etsi beharra izan zuten (1502), eta askapen saioak ugari izan baziren ere, Albaniak ez zuen independentzia lortu, Otomandar Inperioa desegin arte (1912). 1914. urtean Austriaren mende geratu zen eta, Lehen Mundu Gerraren ondoan, independentzia eskuratu zuten albaniarrek (1919). Ahmed Zogouk aginpidea hartu eta errege izendatu zuen bere burua 1928. urtean, monarkia ezarriz. Albanian eragin handia zuen Italia faxistak; 1939. urtean konkistatu egin baitzuen Albania, Viktor Emmanuel III.a bertako errege izendatu, eta faxismoa ezarri zuen. Jugoslaviako erresistentziarekin elkarturik, Enver Hoxharen inguruan eratu zen Albaniaren Askapenerako Higikundea eta, Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoan, errepublika herritarra ezarri zen (1946ko urtarrila). Hasieran politika erabat sobietarren aldekoa egin bazuten ere (Jugoslaviako Tito mariskalarekiko haustura, 1948), Albaniako Alderdi Komunistak ez zuen desestalinizazioa onartu eta, Sobietar Batasunarekiko harremanak etenik, Txina maoistaren aldera lerratu zen 1961. urtean. III. bost urteko plana (1960-1965) ezin burutu izan zen, sobietarren laguntzarik gabe, eta txinatarren laguntzak urriak izan ziren. 1977tik aurrera, Txinaren ingurutik arian-arian aldentzen hasi zen. ■ Azken urteak. 1978an Txinaren laguntza guztia galdu zuelarik, zeharo bakartua gelditu zen Albania, baina Hoxha gobernuburuak ez zituen bere asmoak aldatu, eta estrategia autarkikoa jarri zuen abian ekonomia indartzeko, kanpo laguntza guztiak baztertuta. 1980 ingururako Grezia, Mendebaldeko Europa eta herrialde garatu gabeekiko harremanak hobetu ziren, baina gobernuaren politikak Albanian bizi zen greziar gutxiengoaren eskubideak (200.000-400.000 greziar inguru bizi ziren Albanian) zapaldu zituen, eta Albaniako aginteak arazoak izan zituen greziarrekiko jarrera hori erabiltzeagatik. Jugoslaviarekin ere arazoak izan zituen, Jugoslaviako erregimenak Kosovoko serbiar probintzian bizi ziren 2 milioi albaniarrei ematen zien tratu txarra zela-eta. 1985ean Hoxha hil ondoren, Alia izendatu zuten Langileen Alderdiaren zuzendari. Aurrekoaren bide berari heldu nahi izan zion, baina ekonomia arazoak gainditzeko bere politika aldatu behar izan zuen, eta Albanian ere onartu egin behar izan zituzten 1980ko hamarraldiaren amaieran Europa ekialdean demokratizazioaren alde egiten ari ziren berrikuntzak. Beste aldaketa batzuez gainera, Albaniako legebiltzarrerako lehenengo hauteskunde demokratikoak deitu behar izan zituen. Komunistek behin-behineko konstituzioa eman eta errepublikako lehendakariaren irudia sortu zuten (Alia izendatu zuten lehendakari). Langileen Alderdiak, Albaniako Alderdi Sozialista izenarekin, 1992 arte iraun zuen agintean. Urte hartan Aliak dimisioa eman eta Albaniako Alderdi Demokratikoko Sali Berisha izendatu zuten errepublikako lehendakari; hura izan zen Bigarren Mundu Gerraz geroko Albaniako lehen lehendakari ez komunista. Albaniako politikagintzaren ondorengo urteetako ezaugarriak lehenago agintari izandako komunisten kontrako esetsaldia eta ekonomiaren susperraldia izan ziren. 1996an hauteskundeak egin ziren berriro; Alderdi Demokratikoa izan zen garaile, baina oposizioak eta Europar Batasunak hauteskunde prozesuan gertatutako gorabeherak eta berme demokratikoen falta salatu zuten. Nazioarteko politikagintzan, bakezko harremanak edukitzeko saioak egin ditu Albaniak. Txinarekin harreman onak izan ditu, eta Europar Batasunarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu zuen 1992an. Dena dela, Greziarekiko istiluak larriagotu egin ziren 1993-1994. urteetan, Albania hegoaldeko greziarren zapalkuntza zela eta. Serbiarekin ere okerrera egin zuten harremanek, Kosovoko gehiengo albaniarraren egoera txarra zela eta. 1997an iraultza politikoa eta soziala lehertu zen Albanian, estatuak bideraturiko inbertsio funtsek hondoa jo zutela eta; albaniar askok urteetako aurrezki guztiak galdu zituzten, eta gobernuaren kontrako oposizioa zabaldu egin zen. Hegoaldean izan ziren istilu nagusiak, hura izan baitzen, ordu arte, eremu aberatsena. Herritarrek armak hartu zituzten, eta matxinada zapaltzera bidalitako gudarosteekin borroka gogorrak izan ziren. Europar Batasunak diru laguntzak eman zizkion Albaniari eta nazioarteko gudaroste bat bidali zuen istiluak baketzera (Nazioarteko Babeserako Indarra, 6.000 soldadu). Berisha lehendakariaren jarraitzaileek agintea mantendu zuten, eta matxinatuei amnistia eskaini zien armak itzultzearen truke, baina zenbait militarrek matxinatuekin bat egin zuten eta Berishak trantsizio gobernu bat osatu behar izan zuen eta hauteskundeak aurreratu. 1997ko hauteskundeetan bat egin zuten Fatos Nanoren alderdi sozialistak eta Bashkim Fino Lehen ministroak, eta Sali Berisharen alderdiari aurrea hartu zioten. Horrela, alderdi sozialistaren esku gelditu zen Lehen ministroaren kargua (Pandeli Majko, 1998an izendatua), eta Rexhep Medjani da errepublikako lehendakari. 1997ko gatazken ondorioz, milaka albaniarrek ihes egin zuten Italiara eta Grezia iparraldera (greziar gutxiengokoak batez ere), eta bi herrialde horiek Albaniarekiko mugak itxi behar izan zituzten. Mazedoniako eta Kosovoko agintariak beldur ziren gatazka beren herrietara zabalduko ote zen, albaniar etniako biztanle asko baitzegoen han. NATOk Jugoslaviaren kontrako gerran egindako erasoen ondorioz, berriz, 460.000 errefuxiatu kosovoar hartu zituen Albaniak. 2005eko hauteskundeetan Berisha lehendakariaren aldeko koalizio batek irabazi zuen eta horrela amaitu zen alderdi sozialistaren 8 urteko gobernualdia.
http://www.albanian.com/main/