Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Akenaton

(Egip. «Eguzki-diskoaren zerbitzaria») Antzinako Egiptoko Amenhotep IV.a erregeak bere erreinaldiko laugarren urtean hartu zuen izena (K.a. 1375 inguru - 1354), Amenhotep III.aren seme eta Nefertitiren senarra. Mistikoa eta erlijioaren eraberritzaile handia. Amon jainkoaren gurtza debekatu zuen eta haren ordez Aton, eguzki-diskoa, ezarri zuen; gero Tebas utzi eta hiriburu berria eraiki zuen, Aket-Aton («eguzki-diskoaren zeru-muga»), gaur egun Tell-el-Amarna dena. Erlijio sinkretiko ofiziala gaitzetsiz, monoteismoaren bidea hautatu zuen bere herriarentzat, egunero bizitza berpizten duen Eguzkiaren ontasuna aldarrikatuz eta harenganako maitasuna bideratuz. Iraultza honek erlijioa ez ezik estetikaren alorra ere hartu zuen, arte berri errealista eta literatura mistikoa sorraraziz. Erregeak berak landu zuen alderdi hau; haren Himno Handia-ren oihartzuna Bibliako Salmo-etan dago. Alabaina, erlijiozko jardueretan erabat murgildu eta kanpo politika alde bat utzia izanik, kanpoko lurralde guztiak galdu zituen Egiptoko inperioak (Mitanni, Siria, Palestina). Haren ondorengoak, Tutankamonek, lehengo ordena berrezarri zuen.