Akesolo Olivares, Lino
Euskal idazlea (Dima, 1911 - Bilbo, 1991). Karmeldarra, eliz ikasketak Zornotza, Markina, Gasteiz eta Begoñan egin zituen. Donostia eta Markinako komentuetako nagusia izana. Bibliotekonomia ikasketak egin zituen, eta Begoñako liburutegiaren arduraduna zen. Gerraostean espetxeratu egin zuten. Euskaltzale saiatua: Euskerazaintzaren buru, euskaltzain urgazlea, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Batzordekoa, «Diccionario de autoridades del euskera» hiztegiaren arduraduna, etab. Bizkaieraz egin zuen bere lanik gehiena, euskararen eta idazle klasikoen ezagutzaile bikaina zelarik. Haren obra zenbait: Ipiña ta Ipiña’tarren barri (1958); Euskal-esnale euskal-idazle. Yose Pablo Ulibarri (1962); Euskalherriaren adiskideak eta Euskal-hiztegia (1954) etab. Aldizkari askotan idatzi zuen: «Euskal Esnalea», «Karmen’go Argia», «Euzko Gogoa», «Karmel», «Olerti», «Jakin», «Jesus’en Biotzaren Deia», «BAP», «Agur», «Zer», etab. Itzulpenak: Agure kezkatia (Cervantesen «El celoso extremeño»); Onbidea (Santa Teresaren «Camino de Perfección, A. Onaindiarekin batean, 1963); Salmoak (lapurteratik bizkaierara, 1963).