Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aita Santua

Eliza Katolikoko buru gorenari ematen zaion izena. «Aita Santua» agur titulua izatetik izen arrunta izatera igaro da euskaraz. Bere tituluen artean ditu: Pontifize gorena, Erromako apezpikua, Kristoren ordekoa lurrean, San Petriren ondorengoa, Eliza osoaren burua, mendebaldeko aitagoiena. Hasiera batean, Erromako apezpiku gisa, bertako elizgizonek eta fededunek hautatzen zuten Aita Santua. Apezpiku guztiek lehentasuna aitortzen zioten. Eliza Ortodoxoentzat, ordea, lehentasun hori ohorezkoa zen soilik. Hori izan zen, hain zuzen ere, ekialdeko zisma deritzanaren jatorria. Nikolas II.aren In nomine Domini (1059) buldarekin, aitasantutzari maila aristokratikoa erasten hasi zitzaion eta XIII. mendetik aurrera konklabean bilduriko kardinalek aukeratua izan. Aita Santuaren aginte izpirituala Eliza unibertsalera hedatzen da, katoliko ororen irakas eginkizuna bere gain duelarik. Vatikanoko I. Kontzilioak (1870) irakasle horien hutsegin ezintasunaren dogma aldarrikatu zuen fede eta moralari dagozkion gauzetarako. Irakaslego hori gehienbat entzikliken bidez betetzen du. Eliz auzitegi eta batzordeek erlijiozko arazoetan erabakitakoak haren onarpena behar du. Eskumena du, halaber, mundu osoko apezpikuak hautatu eta izendatzeko.