Afewerke, Issayas
Eritrear gerrillari eta buruzagi politikoa (Asmara, 1946). 1966an, 20 urte zituela, lotu zitzaion Afewerke Eritrea Etiopiatik askatzeko borrokari. Addis Abebako Unibertsitatean ikasten hasia zen, baina ikasketak utzi, eta Eritrearen Askapenerako Frontean (EAF) sartu zen. Txinara bidali zuten gero, trebatzera, eta handik itzultzean, eskualde baten ardura eman zioten. 1970ean, zatiketa gertatu zen EAF barruan. Afewerke Eritrearen Askapenerako Herri Frontean (EAHF) kokatu zen, eta guda-unitate baten agintaritza eman zioten. 1977an, EAHFren idazkari nagusiaren ordezko izendatu zuten, eta, hamar urte geroago, idazkari nagusi. 21 urte Etiopiaren aurkako gerrillan aritu ondoren, Afewerke armada garaile baten buru zela sartu zen Asmaran, Eritreako hiriburuan. 1991n behin-behineko gobernu baten buru hautatu zuten; gobernu hark Eritrearen etorkizuna erabakitzeko erreferenduma antolatu behar zuen bi urteko epean. Nahiz eta bera independentzia osoaren aldeko izan, Afewerkek ez zuen erabat baztertu konfederazio bat egitea Etiopiarekin, herri horren mendean baitzen egona Eritrea 1952az gero. 1993ko erreferendumean, Eritreak Etiopiatik bereiztea erabaki zuen, eta Issayas Afewerke izendatu zuten estatu jaioberriaren lehendakari.
- afektibitate
- afelio
- afera
- aferente
- aferesi
- Afewerke, Issayas
- Affiche Rouge
- afganiar
- Afganistan
- afganistandar
- afidido