Afganistan
(Izen ofiziala, Afganistango Estatu Islamiarra). Asiako hego-mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean, Turkmenistan, Uzbekistan eta Tadjikistan, ipar-ekialdean Txina eta India, ekialdean eta hegoaldean Pakistan, eta mendebaldean Iran. 649.969 km2 eta 32.738.376 biztanle (2008ko estimazioen arabera, afganistandarrak.) Hiriburua: Kabul (1.400.000 biztanle inguru). Hiri nagusiak: Kandahar eta Herat. Hizkuntza ofizialak: persiera eta paxtuera. Etnia nagusiak: paxtunak (% 50), tadjikistandarrak (% 25), uzbekistandarrak (% 9) eta hazarak (% 9). Dirua: afgania. ■ 1979. urteaz geroztik izan diren borrokek azpikoz gora jarri dute Afganistango ekonomia eta gizartea. Afganistan munduko herrialde atzeratuenetako bat da, bai ekonomian bai gizartean. Horrez gainera, 1998an lurrikara izugarriak izan ziren, eta 5.000 lagunetik gora hil ziren, eta etengabeko gerra zibilak izan dira. ■ Biztanleak. Kokapena dela-eta, era askotako zibilizazioen topalekua izan da betidanik Afganistan. Biztanle gehienak nekazariak dira, eta leinuetan eta klanetan daude banatuta. Lau talde etniko handi daude: paxtunak, biztanleen gehiengoa osatzen dutenak eta bi taldetan banatuak, duranioak eta ghilzaiak; tadjikistandarrak, irandar etniakoak; uzbekistandarrak eta hazarak. Afganistanek inoiz baino demografia hazkunde handiagoa du, emakumeko batez besteko haur kopurua 6,64 delako (munduko altuenetakoa) nahiz eta haurren heriotza tasa handia izan. bizi itxaropena 43 urtekoa da. Biztanleriaren erdia, gutxi gorabehera, nomada edo erdi nomada da. Oinarrizko hezkuntza doakoa eta nahitaezkoa bada ere 7 eta 15 urte bitarteko haurrentzat, biztanleen % 36 dago alfabetatua. ■ Ekonomia. Afganistan munduko herrialde pobreenetako bat da; nekazaritza eta abeltzaintza (ardiak eta ahuntzak) dira ekonomiaren oinarria. Afganistango ekonomia, dena dela, gerraren gorabeheren mende egon da. Gerra garaian, biztanleriaren herenak utzi zuen Afganistan, eta Pakistan eta Iranera joan zen ihesi (6 milioitik gora). Biztanle gehienek arazoak dituzte jana, jantziak, etxea eta medikuak lortzeko. Gobernua saiatu da kanpoko inbertsioak erakartzen, baina ez du halakorik lortu. Garia, artoa, arroza, garagarra, barazkiak eta intxaurrak lantzen dira batez ere. Ardiaren hazkuntzatik lortzen den haragia nahikoa da biztanleriaren beharrak asetzeko, eta artilea eta larrua esportatu egiten dira (1990. urte hasieran 14 milioi arditik gora zeuden). Karakul ardiaren larrua oso preziatua da eta animalia horren hazkuntzak garrantzi handia du. ■ Urre, zilar, kobre, berilio eta lapis lazulia betidanik ustiatu dira, kopuru txikitan, Afganistango mendialdean. Afganistango gas naturaleko hobiak sobietarren laguntzari esker ustiatu dira. 1960-1980 bitartean, bestalde, asko hazi zen Afganistango industria. Lantegi nagusiak hiriburuan daude, eta ehungintzaren eta zapatagintzaren alorrekoak dira gehienak. Langabezia eta langile eta funtzionario publiko gaituen gabezia dira lanaren inguruko arazo nagusiak. ■ Merkataritza. Kanpo merkataritza gehiena gobernuak kontrolatzen du, eta hala ez denean gobernuaren mendeko monopolioen esku dago. 1993. urtean, urteko esportazioak 1.066 milioi dolarretik gorakoak izan ziren, eta inportazioak 1.984 milioi dolarrekoak. Esportatzen diren gai nagusiak gas naturala (% 42), fruitu lehorrak eta intxaurrak (% 26), kotoia, alfonbrak eta karakul larruak dira. ■ Administrazioa eta gobernua. 31 probintziak osatzen dute gaur egungo Afganistan: Badajshan, Badghis, Baghlan, Balj, Bamian, Farah, Faryab, Ghazni, Ghor, Helmand, Herat, Jouzjan, Kabul, Kandahar, Kapisa, Kunar, Kondoz, Laghman, Logar, Nangarhar, Nimruz, Nuristan, Paktika, Parwan, Patya, Samangan, Sar-i-Pul, Tajar, Uruzgan, Wardak eta Zabul. Afganistan monarkia bat izan zen 1973. urtea arte, baina urte horretan erregea eraitsi zuten eta errepublika ezarri zen. 1977an aldarrikatu zen konstituzioan ahalmen guztiak ematen zitzaizkion presidenteari, Afganistan alderdi bakarreko erregimen bihurtu zen eta islama izendatu zen estatuko erlijio. Konstituzio hori, ordea, 1978an deuseztatu zen estatu kolpe baten ondorioz. 1987an gobernu komunistak, sobietar gobernuaren laguntzaz, konstituzio berri bat osatu zuen, lehendakaria zazpi urtez behin hautatzea erabakitzen zuena. 1989an sobietar gudarostea Afganistandik irten zen eta 1992an erregimen komunista indargabetu zenean, behin-behineko batzorde batek hartu zuen aginpidea. 1992an lehendakari berria hautatu zen. Hala ere, 1994az geroztik Afganistanek bizi duen gerra egoera dela-eta, ezin hitz egin daiteke gobernu erakunde finkoez. ■ Historia. Erbesteko hainbat inperioren mende egon ondoan, XVIII. mendean (1748) osatu zen Afganistango lehen erresuma burujabea. XIX. mendean, Britainia Handiak halako protektoratu moduko bat ezarri zuen Afganistanen, errusiarrak iparraldetik bultzatzen ari ziren hedapen politika galaraztearren. 1921. urtean lortu zuen askatasuna Aman Allah emirraren eskutik, eta monarkia ezarri zen. Bigarren Mundu Gerran neutrala izan ondoan, Nazio Batuen Erakundearen partaide bihurtu zen. 1964an egin ziren lehen hauteskunde demokratikoak, Mohammed Zahir sha edo erregeak bideraturiko konstituzioaren ondorioz, eta 1973an errepublika ezarri zen Sardar Muhammad Da’ud printzeak egin zuen estatu kolpe batez. Beste estatu kolpe batek Da’ud islamiarra eraitsi eta Nur Mohamed Taraki, Afganistango Alderdi Komunistaren sortzaileak hartu zuen gobernuaren kargua. Sobietar Batasunarekiko harremanak zirela eta, gobernu berriko partaideen artean sortu ziren susmoek eta, batez ere, sozializazio neurrien kontra, xiitak eta sunnitak elkar harturik, altxatu zen oposizioak ekarri zuten Sobietar Batasuneko gudarostearen inbasioa, Hafizullah Amin-ek Taraki hilez egindako kolpearen ondoan. Sobietar Batasunaren babespean betiere, Babrak Karmalek aginpidea hartu eta, baketzeko politika baterako pausoak emanagatik, gerra zibil bortitz gogorra piztu zen. Estatu Batuek, Pakistanen bidez, bultzatzen zituen gerrilla islamiarren eta Sobietar Batasunak laguntzen zuen gobernu ofizialaren arteko gerrak, herria odolustutzea, gobernua ahultzea eta, bederatzi urte luzez higatu ondoan, Sobietar Batasunaren armada erretira eraztea (1989) ekarri zuen; islamiarren gobernu proposamenek nazioartean ez dute eskaintzen halako fidagarritasunik, beren arteko koalizio gobernurik ez baitute onartzen gainera inola ere. Sobietar Batasunaren eta Estatu Batuen ageriko interes geopolitikoez gainera, oraindik giro erdi-feudalean bizi diren herri desberdinen arteko tirabirek zerikusi handia dute Afganistan barneko tentsio giro horrekin. ■ Azken urteak. SESBeko gudarosteak Afganistandik erretiratuta, gerra zibilak aurrera jarraitu zuen. Bestalde, nahiz eta Afganistan ez zen jadanik gerra hotzaren gune, inguruko herrialdeentzat (Pakistan, India, Iran, Errusia, Uzbekistan) garrantzi handiko lekua bihurtu zen, oso leku estrategikoan baitago. 1992an Najibullah aginpidetik kendu zuten eta matxinatuek Kabul hartu zuten; Burhanuddin Rabbani izendatu zuten behin-behineko presidente. Erabaki hori batzar berezi batek onetsi zuen 1992an, baina indar politiko-militarren arteko borrokak bere horretan jarraitu zuen. Indar horiek egitura etniko-erlijiosoa dute, eta horien artean nagusia paxtunek osatu zuten, harik eta 1994an talibanen taldea sortu zen arte. 1993an Hekmatyarrek Lehen Ministro kargua zin egin zuen, eta urte horretan bertan gerrillako buruzagiek behin-behineko konstituzio bat onartu zuten. Baina 1994an borrokak sortu ziren hiriburuan, Rabbani presidentearen aldekoen eta Hekmatyar Lehen ministroaren aldekoen artean. 1994ko ekainaren bukaeran Afganistango beste lurralde batzuetara zabaldu zen borroka, eta 2.500 lagunetik gora hil ziren. Urte hartan sortu zen talibanen taldea, lehen esan bezala, eta garai horretako kaos politikoaz baliatuta, Kabul aldera abiatu ziren; 1995eko otsailean Kabul ingurura iritsi eta 1996an hiriburua hartzea lortu zuten. Talibanak Afganistan hegoaldeko (Kandahar eskualdea) teologia ikasleek osatutako taldea dira, paxtun etniakoa. Beren helburuetako bat islamaren inguruko beren ikuspegi murriztailea zabaltzea da: jendaurrean sexuak elkarrengandik erabat banatzea, emakumeei lanpostu bat edukitzeko debekua ezartzea, zigorrei buruzko legegintza aldatzea lege zorrotzagoak erabili ahal izateko, eta abar. 1997an Afganistango Islamiar Emirerri bihurtu zen ofizialki Afganistan. Izen horren bidez, Mohamed Omar emirraren aginpidea sendotu egin zen. 1998ko otsailean, urteetako gerrak ekarri zituen ondorio latzei herrialdearen iparraldean izan ziren lurrikararenak gehitu zitzaizkien: 5.000 lagunetik gora hil ziren. 2001ean, Estatu Batuek, nazioarteko koalizio baten laguntzaz, herrialdea okupatu eta erregimen talibana eraitsi zuten, New Yorken 2001eko irailaren 11n izandako atentatuen erantzun gisa. 2004an lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin ziren, eta Estatu Batuek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari baimena eman zioten nazioarteko talde bat sortzeko, Hamid Karzai afganistandar lehendakariari laguntzeko. Neurri horiek, ordea, ez dute herrialdeko egoera egonkortzerik eta liskar etengabeetan murgilduta jarraitzen du.
http://www.president.gov.af/english/composition.mspx