Adlon, Percy
Alemaniar zinema zuzendari, gidoigile eta ekoizlea (Munich, 1935). Filologia alemana, artea eta antzerkia ikasi zituen. Irratian hasi zen lanean, kultura eta literaturari buruzko programak eginez. 1970. urtean dokumentalista gisa sartu zen telebistan eta arte gaietan espezializatu zen. Gero bere produkzio etxea sortu zuen (Pelemele Film) eta fikziozko zinema egiten hasi zen. Bere lehen film luzeak (Celeste, 1981) Marcel Proustek sortutako munduari buruzko oso ikuspegi berezia ematen du, objektuen, espazio hutsen, sentimenduen, isiltasunen eta bakardadeen bidez eratuz narrazioa. Sugarbabyn (1984) oso istorio sinplea eratu zuen bere musa Marianne Sägebrechetentzat: emakume lodi bakarti bat da, metroko bidaietan xarmatu duen ahotsaren bila ateratzen dena. Gero Estatu Batuetara jo zuen eta bertan Bagdad Café (1987) idatzi, zuzendu eta ekoiztu zuen: bizimodua, harremanak ulertzeko bi modu kontrajartzen ditu filmak, giro magiko baten kaosa, eta berriro ere, bakardadea inguru galdu batean. “Erabili eta bota” egiten duen munduaren aurkako satira egin zuen hurrena Rosalie erosketetara doa (1988) filmean, Estatu Batuetan bizi den emakume alemaniar baten istorio kontatuz. 1990eko hamarkadaren hasieran eremu are bakartiagoa bilatu zuen, eta Alaskara joan zen Salmonberries (1991) filmatzera; beren bakardadea betetzeko beharra duten bi emakumeen elkartzea da, besteen antzera, film honetan ere gaia.