Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

adierazle

iz. Hizkl. Hizkuntz zeinuaren forma. Adierazlea eta adierazia.  v  Saussureren terminologian, hizkuntz zeinua adierazle baten eta adierazi baten elkarketaren emaitza da, edo bestela esanda, irudi akustiko baten eta kontzeptu baten elkarketaren emaitza. Irudi akustiko esapidea adierazle hitzaren sinonimo gisa erabiltzean, adierazle deituriko forma segidaren izaera berezia bakarrik hartu nahi du aintzat Saussurek: haren irakaskuntzatik sorturiko lehen jakintza linguistikoaren arabera, zeinuaren alderdi materiala osatzen duen soinu segidaren alderdi fonologikoa da adierazlea. Pertsonen araberako aldaketak, tinbrea eta ahoskatzean gertatzen diren akatsak, adibidez, fonetikari dagozkio, baina adierazlea, birtuala izanik, berbera da hiztun guztientzat. Hizkuntza adierazlea denboraren lerroan gertatzen da: esaldiko une batek egintza foniko bakarra baizik ez du onartzen, beste zenbait semiologi sistematan ez bezala (semaforoa esate baterako); adierazlearen ezaugarri hau, denboraren ondorio dena, eta elkarketa sintagmatikoen jatorrian dagoena, hizkuntzaren oinarrizko datua da Saussurerentzat. Adierazleari buruzko Saussureren ikuspegiak badu, ordea, arazorik: esate baterako, adierazlea eta adieraziaren elkarketa bada zeinua, hitzaren parekotzat hartu behar den ala ez; gutxieneko zeinua hitza baino txikiagoa ote den, hau da, aurrizkiak eta atzizkiak zeinuak ote diren ala ez, adierazlea eta adierazia elkartzen dituenez gero.
 v  Altuera adierazlea. Aeron. Hegazkin baten garaiera zehaztasunez adierazten duen tresna.  v  Abiadura adierazlea. Hegazkinaren abiadura erlatiboa, inguruko haizeari buruz, adierazten duen tresna.  v  Bira adierazlea. Hegazkinaren desbideratzeak adierazten dituen tresna, hegazkinak plano horizontalean duen ibilbidearekin alderatuz, desbideratzeak ezin baitira sumatu hegazkina hodei artean dabilenean, erreferentziarik ez dagoenez gero.  v  Adierazle panoramikoa. Hegazkinean izaten den radarra, txokeak saihesteko eta hodei sistemak detektatzeko erabiltzen dena.  v  Autom. Norabide adierazlea. Gidariak beste norabide bat hartu behar duela aditzera ematen duen tresna.  v  Ekon. Adierazle ekonomikoak. Zenbait aldagai ekonomikoren balioak dira, bi eratara uler litezkeenak: a) serie estatistiko baten erreferentzia gisa, askotariko datuak alderatu ahal izateko (herri bateko prezioen maila orokorra, urte jakin batean, diru banakoari dagokionez, esate baterako); b) hainbat gertari azaltzen laguntzen duen zeinu sail gisa (esate baterako, gizarte baten bizi maila zehaztu nahi denean, alfabetatze maila, 1.000 biztanleko sendagile eta ospitaleko oheen zenbatekoa, autoen zenbatekoa, telefonoena eta abar hartzen dira adierazle gisa).