adierazi, adieraz, adierazten
du ad. Aditzera eman, jakinarazi. Argi hark etxean zegoela adierazten zuen. || iz. Hizkl. Hizkuntz zeinuaren edukia. v Saussureren terminologian, adierazi hitza kontzeptu hitzaren sinonimo bezala agertzen da. Hizkuntz zeinua, haren begietan, adierazi eta adierazle baten elkarketatik sortzen da, edo bestela esanda, irudi akustiko baten eta kontzeptu baten elkarketatik. Zehaztasunez, ezer gutxi dio Saussurek kontzeptuaren edo adieraziaren izaeraz. Jartzen dituen adibideetan hiztegi orokorreko hitz arruntak erabiltzen ditu. Adierazlearen eta adieraziaren arteko lotura aztertzerakoan, zeinuaren hautazkotasuna azpimarratzen du Saussurek: «Ahizpa ideiak ez du inolako barne loturarik bere adierazle den [aispa] soinuarekin». E. Benvenistek dioenez, funtsezko oker bat egiten du Saussurek hautazkotasuna era horretan agertzerakoan: adierazia eta aipatzen den gauza nahastu. Benvenisteren arabera, gauzarekiko harremana da hautazkoa; ahizpa ideiak, aitzitik, funtsezko lotura du ahizpa adierazlearekin, hizkuntzaren zeinuari buruzko Saussureren beraren teoria kontuan hartzen bada: adierazlea eta adierazia biltzen dituen hizkuntz zeinuaren eta hizkuntzaz kanpoko gauzaren arteko harremana da nahitaez hautazkoa.
- adiera
- adierazezin
- adierazgailu
- adierazgarri
- adierazgarritasun
- adierazi, adieraz, adierazten
- adierazkor
- adierazkortasun
- adierazle
- adierazpen
- adierazpide