Ackroyd, Peter
Britainiar eleberrigile, biografo eta kritikaria (Londres, 1949). Cambridgeko Unibertsitatean ikasi ondoren, Estatu Batuetara joan zen, Mellon beka eman baitzioten Yaleko Unibertsitatean ikasteko. 1974-1982 bitartean Spectator egunkariko literatura zuzendaria izan zen, eta 1986an The Times-eko literatura saileko buru izendatu zuten. Bere kazetari lanetik kanpo, oro har bere jaioterrian giroturik idatzitako eleberriengatik da ezaguna Ackroyd: Londresko sute handia (1982), Oscar Wilderen azken testamentua (1983), Hawksmoor (1985). Azken honetan, XVIII. mendeko Nicholas Hawksmoor arkitektoaren bizitza aztertzen du Ackroydek, garai hartako hizkera erabiliz, eta 1985ean argitaratutako nobela onenaren Whitbread saria irabazi zuen. Musika ingelesa (1992) eta sorginkeriaren munduari buruzko Dee doktorearen etxea (1993) dira Ackroyden beste nobela batzuk. Ackroyden biografiak ere, batez ere idazle sonatuen bizitzei dagozkienak, biziki goretsi izan ditu kritikak: Ezra Pound (1984), Whitbread biografia saria irabazi zuen T.S. Eliot (1984), Dickens (1990) eta Chatterton (1985), zeinarekin izan baitzen Booker sariko finalista ere.