Acero, Eneko
Bizkaitar surflaria (Algorta, 1978). Munduko zirkuituko surflari euskaldun bakarretakoa. Europako zirkuitua osatzen zuten saio guztietan garaipena lortu ondoren, 1999. urtean EPSA –Europako Surf txapelketa– irabazi zuen; bera izan da titulu hori eskuratu duen lehen surflari euskalduna. Europako zirkuituan nagusitu ostean, munduko WQS zirkuituan ari diren 44 surflari hoberenen arteko zerrendan –Top 44an– sartzea du helburu. Algortako Fadurako goi mailako gunean –CPTen– prestatzen du bere burua Eneko Acerok, Julio Calleja eta Jose Antonio Lekue prestatzaileen laguntzaz. Iker eta Kepa Acero Enekoren anaiak ere maila handiko surflariak dira.