Abe Kobo
Japoniar eleberrigile eta antzerkigilea (Tokio, 1924 - Tokio, 1993). Tokion jaio bazen ere, laster joan zen Mantxuriara bizitzera, han mediku baitzegoen aita. Haurtzaroan, besteak beste, entomologiak eta Kafkaren literaturak erakarri zuten. 1941ean Japoniara itzuli eta 1943an Tokioko Unibertsitateko Medikuntza fakultatean matrikulatu zen, baina Mantxuriara joan zen berriro, Bigarren Mundu Gerra bukatu eta aberriratu zuten arte. 1948an amaitu zituen ikasketak; urtebete lehenago, berak finantzatu behar izan zuen olerki liburu baten argitalpena. Aldi labur batean antzerkigintza marxista landu ondoren, bere estilo berezia finkatu zuen, absurdoa eta kafkianoa, sarritan egoera xelebreetan aurkitu ohi diren pertsonaiez betea. Olerkari eta antzerkigile ere baden arren, Abe Kobok eleberria landu du gehienbat. S. Karma-ren krimena obrarekin Akutagawa saria lortu zuen 1951n. Kostaldeko herri bitxi batean atzemandako entomologo amateur bati buruz diharduen Suna-no-onna (1962, Hondarretako emakumea) eleberria nazioartean ezaguna izan zen film baten oinarria izan zen. Tanin-no-kao (1964, Bestearen aurpegia) eleberriak, aurpegia desitxuratua duen gizon batek nortasun soziala berreskuratzeko egiten dituen ahaleginak kontatzen ditu. Aberen eleberri garrantzitsuak dira, halaber, Mapa aurritua (1967) eta Ezkutuko topaketa (1977). Telebistarako eta beste komunikabideetarako idazteaz gainera, bere antzerki konpainia ere izan zuen Abe Kobok Tokion.