Abdul Rahman, Tunku
Malaysiar politikaria (Alor Setar, Kedah, 1903 - Kuala Lumpur, 1990). Kedah-ko sultanaren semea zen. Malaysian, Thailandian eta Ingalaterran ikasi zuen. Malaysiako Erakunde Nazional Batuaren buru zen (UMNO), eta Malaysiako Lehen ministro bilakatu zen 1955eko hauteskundeak bere alderdiak irabazi ondoren. Bera izan zen 1956an Londresen Malaysiako independentziaren baldintzak negoziatu zituen batzordearen buru, eta 1957an Malaysiak burujabetza lortu zuenean, tunkua (printzea) lehenik, Malaysiako (1957-1963) eta gero Malaysiako Federazioko (1963-1970) gobernuburu bihurtu zen. Izan ere, Abdul Rahman izan zen 1963an Malaysiako Federazioaren sorrera eragingo zuen Malaysia, Singapur, Sarawak eta Sabah-en arteko elkartasunaren bultzatzaile nagusia. Hasierako urte zail haietan, lan handia egin zuen federazioa sendotzen. 1969ko hauteskundeen eraginez matxinada etnikoak hasi zirenean, dimititu egin zuen.